Pentsiodunek antolatzen eta presio egiten jarraitzea dute xede

uriola.eus 2018ko api. 17a, 12:54

Asteleheneroko mobilizazioak Udaletxe aurrean hasi zituztenetik hiru hilabete pasa direnean, Bilboko pentsiodunak inoiz baino batuago eta indartsuago daude. Pentsio duinak lortu arte ez dutela etsiko adierazi dute, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

Ez dira inuzenteak. Ondotxo dakite pentsiodunek eurena borroka luzea dela, eta hiru hilebeteko borrokaren ondotik edota 100.000 lagun mobilizatzeagatik –joan den martxoaren 17an Bilbon– euren eskakizunak ez direla berehala beteko.

Hiru hilabeteko tarte honetan hainbat lorpen izan dituzte. Besteak beste, pentsio duinen aldeko aldarrikapenak hazi baino ez dira egin astelehenetik astelehenera. Inoiz izan den pentsiodunen mugimendu handi eta anitzena sortzeraino Bilbon ez ezik EAEn eta Nafarroan.

200 laguneko elkarretaratzearekin eta pentsioen %0,25eko igoeraren aurkako protestekin hasi ziren. Aste batzutara 5.000 pentsiodun ziren Bilboko Udaletxe aurrean, 35.000 lagun otsailaren 22ko manifestazioan, 100.000 martxoaren 17koan eta 5.000-6.000 artean atzoko elkarretaratzean. Maiatzaren erdialderako beste deialdi handi bat antolatzekoak dira hego Euskal Herriko hiriburu guztietan.

Asko izanik ere, eskakizun berriak adostu dituzte: KPIaren araberako pentsioen eguneratzea eta 1.080 euroko gutxienezko pentsioak exijitzea, "Europako Karta Sozialak zehazten duen bezala". Karmele Ibarra eta Jospo Barrutia Pentsionistak Martxan plataformako kideen esanetan, euren plataformak aspaldian aurkeztutako aldarrikapenak dira, eta "orain, gutxiengo hori, pentsiodunen plataforma guztietan finkatuta dago". Erronkatzat dute "babes eta gizarte segurantza sistema propioaren aldeko aldarria" ere egunen batean gutxiengoetan txertatzea. 

Eskakizunei erantzunez, Rajoy Espainiako presidenteak eginiko pentsio txikienak %3 igotzeko proposamenak ez ditu asetu pentsiodunak. "Hori miseriaren hurrengo da" Jospo Barrutiaren hitzetan. Bere ustez, agintariek ez dute pentsioetan gastu gehiagorik egin nahi, bai, ordea, "armetan edota autopistetan". Finean, "lehentasun kontua da". 

Emaitzak

Kaleak bete dituzte pentsiodunek. Zarata ere, ugari egin dute. Eta mobilizazioak ez dira ezerezean gelditu. Pentsionistak Martxan plataformako Xabier Isasaren arabera izan dute bere emaitza: "Estatu espainiarreko talde politiko guztiak mugiarazi dituzte erantzunen bat eman dezaten". Madrilen ez ezik Euskal Herrian ere mugimendua egon badago. Bai Gasteizeko bai Iruñeko Legebiltzarreko talde politikoen artean "kristoren urduritasuna dago". Pentsioen eskumena Espainiako Gobernuari dagokion arren, Isasak dioenez, "hemengo instituzioek hiritar ororen bizitza duina bermatzeko modua badute, esaterako, osagarrien bitartez". 

Aurrera begira, hauteskundeen hurbiltasunak bultzada emango diote pentsioen auziari. Izan ere, alderdi gehienak "botoaren menpe daude", eta pentsiodunak asko dira "bai han bai hemen". Bitartean, antolatzen eta presio egiten jarraituko dute pentsiodunek. Hurrengo hitzordua bihar, asteazkena, Gasteizen dute Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformek. Batetik, maiatzeko manifestazio handia antolatzeko. Bestetik, Legebiltzarrean, Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean, "pobrezia-muga definitzen duten europar irizpideen araberako osagarri ekonomikoa jasotzeko garantiari buruzko proposamena" aurkezteko.