Productos Tubularesek lan-erregulazio espedientea mahai gainetik kendu du

uriola.eus 2018ko api. 17a, 11:21

Enpresak, langileen ordizkariekin gaur izan duen batzarrean, lan-erregulazio espedientea kenduko duela adierazi du. Langileek zuzendaritzaren proposamena guztien artean bozkatuko dutela adierazi dute eta gaur bertan greba mugagabea bukatutzat eman dezakete.

Gaur goizean Productos Tubulares enpresaren eta langileen ordezkariak batzartu dira. Batzar hori oraindik aurrera darrai, baina plazaratu duten lehenengo informazioa enpresak lan-erregulazio espedientea mahai gainetik kenduko duela izan da. Apirilaren 4an aurkeztu zuen espedientea Productos Tubulares enpresak. Bertan, Trapagarango lantegian 157 langile botatzea eta geratzen ziren langileei soldatak %25 txikitzea, eta lanaldia 24 ordu luzatzea eskatzen zen.

Hori ikusita, langileek greba mugagabea egitea adostu zuten, eta horrekin jarraitzen dute, hilabete bat baino gehiago pasatu denean. Tubos Reunidosek gaur goizean adierazi du greba horrek enpresaren "egoera txarra" areagotzen duela.

Beraz, enpresarekin aurrera jarraitzeko "premiazko neurriak" beharrezkoak direla adierazi dute, eta erregulazioarekin sindikatuak negoziatzeko prest ez zeudenez, lan-erregulazio espedientea kentzea erabaki dute. Erabaki horrekin langileen itzulera bilatzen dute, lanarekin aurrera jarraitzeko eta batzarrekin beste konponbide desberdin bat aurkitzeko asmoa plazaratu dute.

Bere aldetik, langileek, batzar hau bukatzen denean eta aukera guztiak argi dituztenean erabakiko dute zer egin. Guztien artean hartu behar duten erabakia izango da eta gaur bertan erabaki dezakete greba mugagabearekin amaitzea. Langileek adierazi dutenez, beraien aldarrikapenekin jarraitzea da beraien ideia. Lanera itzultzeko prest egongo lirateke, baina gauzak dauden puntuan daudela ikusita, baldintza batzuk eskatuko dituztela azaldu dute.

"Hitzarmen berri eta iraunkor bat adostu nahi dugu, enpresa aurrera jarraitu dezan eta gure lanpostuak ziurtatzen dituena" adierazi dute langileek. Horrekin, enpresaren jarraipena nahi dutela adierazi dute, baina beti ere langile guztien lanpostuak ziurtatzen direnean. Horrela, bai lantegiaren, bain lanpostuen jarraipena lortu nahi dute.