Hamaika egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra "ariketa sozial" gisa definitu duten egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute euskaldunek. Deialdia kolektiboa bada ere, Euskaraldiak "pertsona du giltzarri" Euskaltzaleen Topaguneko Arrate Illarok azaldu duenez. Eta pertsonak aktibatzea funtsezkoa jo du horretarako. Besteak beste, Euskaraldiaren berri zabaltzeko.
Zeregin horren ardura hartu dute bere gain hamaika lagun ezagunek. "Oso talde anitza da", gizarteko esparru desberdinetako lagunek osatua: Dani Alvarez kazetariak, La Basu rap kantariak, Aretz Igiñiz errugbilariak, Pedro Migel Etxenike zientzialariak, Cris Lizarraga musikariak, Toti Martinez de Lezea idazleak, Eneko Sagardoy aktoreak, Alex Txikon mendizaleak eta Mikel Arrasate, Zuriñe Gil eta Arianne Unamuno euskalgintzako kideek.
Euskaraldian parte hartzeko herritarren izen-ematea irailean hasiko da, baina Euskaltzaleen Topagunearen eta erakunde antolatzaileen ustetan garrantzitsua da une honetan, zazpi hilabeteren faltan, Euskaraldiari buruzko informazioa zabaltzea. "Zertara goazen eta zelan egingo dugun" gizarteratzea. Eta, hain zuzen ere, hedapen hori egiteko aurkeztu dute hamaikako propia.
Nork bere hamaikakoa
Aurkezpenean, nork bere hamaikako propioa egiteko gonbidapena jendarteratu dute antolatzaileek, euskaldunei honako erronka luzatuz: "Erabaki dezatela zein hamaika pertsonarekin nahiko luketen hizkuntza ohiturak aldatu euskara gehiago egiteko". Lagunek, senideek, lankideek, auzoko merkatariek, ostalariek... osa dezakete hamaikakoa. Finean, hurbileko pertsonak, helburua hamaika egunez eguneroko harremanetan euskara gehiago erabiltzea baita.
Eneko ahobizi eta Cristina belarriprest
Euskaraldiko partaideek bi roletako bat hartuko dute: ahobizi edo belarriprest rola. Ahobiziek euskaraz egingo dute euskara ulertzen duten guztiekin, eta ezezagunekin beti lehen hitza euskaraz egingo dute. Belarriprestek gonbidapena egingo diete euskaldunei beraiei euskaraz egiteko. Euskara ulertu bai, baina hitz egiteko gai ez dena edo gai bai, baina euskara erabiltzen ez duena izango da belarriprest. "Ez, niri erderaz ez, niri euskaraz egin", adieraziko die euskaldunei.
Eneko Sagardoy aktoreak ahobizi rola hartuko du Euskaraldian. Euskara "oso modu sanoan" bizi du berak, eta "jendea hurbiltzeko" balio duela sinetsita dago. "Goazen batzera eta hitz egitera" mezuarekin animatu nahi ditu herritarrak Euskaraldian parte hartzera.
Cristina Lizarraga Belako taldeko kantaria oso identifikatuta sentitzen da belarriprest rolarekin. Euskara ulertzen du eta euskaldunen artean egiten du bere bizimoduaren zati handi bat. Euskaraz hitz egiteko gai ez den arren, "deseroso" sentitzen da berarengatik euskarazko elkarrizketa gaztelaniara aldatzen dutenean ingurukoek. Horrelako egoeretan ez du nahi "euskara baztertzerik".
Herrien izen-ematea, lan batzordeen mintegia eta Udaltop
Euskal Herriko zazpi lurraldetako udalerriek eman dute izena jada Euskaraldian. Pozik agertu dira antolatzaileak zazpi lurraldeetan ez ezik eskualde ia gehienetan ere egitasmoa "abiatuko delako". Izan ere, datozen asteetan herri gehiagoren partaidetza espero dutela eta, apirilaren 30era arte luzatu dute herrien izen-ematea. Arrate Illarok adierazi duenez, "ilusioa, egiteko gogoa eta elkarlana" oso presente daude herriz herriko aurkezpenetan eta eratu diren lan batzordeetan. Lan batzorde horiek dute Euskaraldia nork bere eremuan zabaltzeko eta antolatzeko ardura. Batzorde ezberdinak saretzeko maiatzaren 10ean mintegia antolatu dute. Bertan elkartuko dira Bizkaiko lan-taldeak.
Euskara teknikarien Udaltop topaketa da azpimarratu duten beste hitzorduetako bat. Egun, "euskalgintzako teknikari guztien topaketa" dena maiatzaren 17 eta 18an izango da aurten Lasarte-Orian. Euskaraldiak pisu handia izango du jardunaldian.