Bilbo errugbiaren hiria bilakatuko da

uriola.eus 2018ko api. 23a, 09:32

European Rugby Challenge Cup eta European Rugby Champions Cup finalak San Mamesen jokatuko dira maiatzaren 11n eta 12an, eta asteburu honetan finalisten izenak jakin ditugu. Horrez gain, Universitario Bilbao Rugby, 50 urte. Bilbo eta Bizkaiko errugbiaren ibilbide historikoa erakusketa Euskal Museoan egongo da ikusgai.

European Rugby Champions Cup finalean Pariseko Racing 92 eta Dublineko Leinster taldeak arituko dira. Frantziako taldeak orain dela bi urteko finala galdu egin zuen. Irlandako taldeak, berriz, hiru txapelketa irabazi ditu. Toulouse taldea da 4 txapelketa irabazi duen talde bakarra eta muga horretara heltzea izango da Leinsterren erronka.

Beste aldetik European Rugby Challenge Cupeko finala ere ospatuko da. Bertan, Cardiff Blues talde galestarra eta Ingalaterrako Gloucester egongo dira. Biek badakite txapelketa hau irabaztea zer den. Baina, Gloucester taldeak pasa den txapelketan finala galdu zuen eta aurten gogotsu arituko dira txapelketa berriro irabazteko nahiareki.

Finalak heldu baino lehen, eta hiria girotzen joateko, Euskal Museoan Universitario Bilbao Rugby, 50 urte. Bilbo eta Bizkaiko errugbiaren ibilbide historikoa erakusketa inauguratu dute. Bertan, Bilbok zein Bizkaiak baloi obalatuaren kirolarekin duten lotura ordezkatzen duen kirol-entitate baten ibilbidea aztertu da. Elastikoak, baloiak, ezkutuak, banderatxoak, argazkiak eta informazio-panelak egongo dira, besteak beste; hau da, klubaren ibilbidea egongo da ikusgai erakusketan.

Universitario Bilbao Rugby taldeak eta Bilboko Udalak antolatu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta maiatzaren 20ra arte bisitatu ahal izango da. Errugbiak Bilbon eta Bizkaian duen historia ezagutzeko aukerarik onena da erakusketa, hasi zenetik orain arteko ibilbidea jaso baita, kirolean izandako gertakari eta talde nagusiekin batera.

Klubak mende erdiko ibilbidea egingo du Europako finalak ospatzearekin batera; hortaz, taldearen ibilbidea berrikusteko une hobeezina da oraingoa. Erakusketan oraingo Universitario Bilbao Rugby klubean parte hartu duten talde guztien denborazko azterketa bat egingo da, eta kirolaren arau zein balioei buruzko informazioa emango da. Ikusleek, halaber, bideo bat ikusi ahal izango dute, non partidarik onenen eta klubaren ibilbidearen hainbat mugarriren hautaketa egin den.

Klubak gaur egun bizi duen egoera aztertuko da bertan, eta ‘Rugby Bilbao Hiria’ trofeoaren, emakumeen errugbi-taldeen eta errugbi inklusibokoen aipamen berezia egingo da, bai eta udako campusarena ere.

Universitario Bilbao Rugby

Universitario Bilbao Rugby 2000. urtean batu ziren bi talderen emaitza da. Hauexek izan ziren bi talde horiek: Bilbao Rugby Club eta Universitario XV Rugby Taldea. Gaur egun Euskal Ligan jokatzen du, eta aurten estatuko errugbiko ohorezko B mailara igotzeko fasea jokatzeko aukera izan dezake. Klubak kategoria guztietan ditu taldeak: senior, gazteak, kadeteak, haurrak eta beteranoak. Gainera, iaz sortu zen emakumeen taldea dago, Euskal Liga jokoan duena. Horrez gain, errugbi inklusiborako talde bat du, non desgaitasuna duten pertsonek parte hartzen duten. Bestalde, prestakuntza-eskola bat dauka: Bilbao Rugby Eskola.

Bilbao Rugby Club aitzindaria izan zen 1968. urtean. Orduan Club Atlético Universitario izenarekin sortu zen. Geroago, 1971. urtean, Bilbao Rugby Club izena hartu zuen. Charles Nicholson izan zen sustatzaile nagusietako bat, Bizkaiko hiriburuan zegoen ekonomiako gaietarako kontsulorde britainiarra. Klubak egitura sendoa izan zuen, eta laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean taldeak zituen kategoria guzietan. 94-95eko denboraldia izan zen arrakastatsuena, eta Bizkaia Kopa lortu zuen. Gainera, Copa Federación Española txapelketako finalaurrekora iritsi ziren.

Universitario XV Rugby Taldea, ordea, 1969. urtean sortu zen. Orduan, Ingenieros Bilbao izenarekin sortu zuten. Eskualdeko ligan eta unibertsitateko txapelketa ugaritan hartu zuen parte izen horrekin, non Sevillan eta Bilbon antolatutako txapelketak irabazi zituen, 1972. eta 1973. urteetan, hurrenez hurren. 1976. urtean Club Deportivo Bilbao izena jarri zioten, eta izen horrekin une gogoangarririk garrantzitsuenetako bat lortu zuen: lehenengo mailara igotzea. 1979. urtean izan zen hori. 1986. urtean Universitario XV Rugby Taldea izena jarri zioten.