Boxeo izarrak lehian larunbat honetan Miribillako Bilbao Arenan. Han egongo dira, besteak beste, Bizkaiak azken urteetan izan dituen boxeolari onenak. Berriro ere, bizitzak honelako gauzak dituelako, bat egingo dute ring berdinean. Boxeoaren festa izango da eta 10.000 laguneko sarrera espero da.
Alde batetik Kerman Lejarraga (24-0-0) izango dugu lehian. Berea izango da gaueko borrokaldirik deigarriena. Izan ere, Morgako Errebolberrak Europako Welter txapela izango du jokoan. Orain dela bost hilabete, eta leku berdinean, Estatuko Welter txapelketa irabazi zuen José del Ríoren aurka. Oraingoan, berriz, Bradley Skeete izango du aurrean.
Ez da arerio erraza izango Morgako gaztearentzat. Izan ere, Skeete (27-0-1) bera baino altuagoa da, eta horrekin lan egin beharko du. Aitortu duenez, azkenengo hilabete hauetan hori entrenatzen dabil buru-belarri. Beharrezkoa izango da, 12 roundeko borrokaldia izan daiteke, eta hori aurrera eramateko entrenamendu izugarri bat behar da. Bai fisikoki, bai mentalki, oso prestatua egon behar da borroka luze eta gogor bati aurre egiteko.
Orain dela bi urte, Bizkaia frontoian, Laslo Tothen aurka horrelako borrokaldi bat izan zuen. Hor, puntuetan, WBA txapelketa irabazi zuen, eta zaleek horrelako norgehiagoka bat berriz ikusteko irrikitan egongo dira seguru. Kermanentzat aukera paregabea izango da asteburukoa, eta aparteko boxeo burrukaldi bat espero da.
Beste aldetik, Kermanekin Zorrozaurreko gimnasioan entrenatzen ari den Andoni Gago (18-3-3) egongo da. Otxarkoagako boxeolariak azken aldian hainbat arazo izan ditu, baina hori ahaztutzat eman du, aurrera begira jarri eta ringera igotzeko prest azaldu da. Machito Gagok EBU Europako txapelketa izango du jokoan.
Azken aldian gogor entrenatzen ari da, eta berriro ring batera igotzea nahi du. Kasu honetan, etxean izango da, eta bere familia, senide eta lagunen aurrean bere maila azaltzeko aukera berri bat izango du. Hori bilatu dute Otxarkoagako Machoa animatzeko eta boxeoan jarraitzeko. Horrez gain, alboan, entrenamenduetan, Kerman bezalako tipo baten laguntza du.
Kermanek Gago miresten du, eta Gagok Kermanekin portaera berdina dauka. Hirutan topatu dira biak leku berdinean borrokatzeko prest, lehenengoa Kermanek La Casillan debuta egin zuenean, eta ordurako Gago izarra zen. Izar hori bueltan da, eta borrokaldia irabazteko prest helduko da Miribillara.
Aurrean, Geoffrey Dos Santos (11-0-0) egongo da. Hasieran Poloniako boxeolari baten aurka aritu behar zen borrokaldi honetan baina azken orduko aldaketak egon direnez Frantziako titulua irabazi berri duen honen aurka borrokatuko da. Irabaziz gero, Gago urte amaieran bere kategoriako Europako Txapelduna izateko aukerak izango lituzke. Gaur egun Marc La Guerra Vidal da txapelduna (titulua jokoan jarriko du Kiko Martinezen aurka). Baina, Gagok, 2014ean Vidal irabazteko gai izan zen Bilbon, eta egindakoa errepikatzeko gogoekin azaldu da.
Beraz, larunbatean boxeo egun ederra izango da Miribillan. Otxakoagako Macho bueltan da, eta 33 urterekin izango duen aukera aprobetzatzeko zaleen eta familaren babesa izango du. Otxarkoagako boxeolariak dena emango duela aitortu du eta zaleek animatzeko prest egongo dira seguru.
Gagoren borrokaldia amaitzen denean, Kerman gaztearen txanda izango da. Oraindik ez dakigu noraino heldu daitekeen, baina Bizkaia osoa berarekin egongo da. Lehen aipatu dugun bezala, hau laugarren aldia izango da bi boxeolariak batera ikusteko aukera dagoela, eta beste guztitan biak irten ziren garaile. Larunbatean, hori errepikatzekotan, Miribillan bilduko diren zaleen txalo zaparrada Otxakoagan edota Morgan entzungo da.