Indarkeria sexista

Bilboko Mugimendu Feminista: "Nazkatuta gaude erasotuak eta erailak izateaz"

uriola.eus 2018ko api. 24a, 11:56

Argazkia: Ecuador Etxea

Indarkeria matxista "lehen mailako arazo politikotzat" hartua izan dadin eskatu du Bilboko Mugimendu Feministak Gasteizko bi emakumeren erailketa gaitzesteko elkarretaratzean. 

"Aski da" oihua zabaldu dute Arriaga plazan. Izan ere, nazkatuta daude emakumeak. "Nazkatuta gaude erasotuak eta erailak izateaz", diote. Horregatik exijitu diete erakundeei "egungo jarrera konplizeak alboratzeko" eta "jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz hartzeko". 

Gasteizko erailketak "sistema kapitalista patriarkalaren ondorio zuzena" dira Bilboko Mugimendu Feministak salatu duenez, eta indarkeria matxista "eredu horrek sortzen dituen pertsonen arteko harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea". 

 

Autodefentsa feminista

Elkarretaratzean autodefentsa feministarako deia egin dute Bilboko emakumeek, "gure bizitzak direlako jokoan daudenak". Erasoen aurrean, "erantzuteko eta elkarrekin borrokatzeko prest" agertu dira. 

[2018-04-23] Gasteizko erailketa sexista gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute gaur Arriagan