Gurpil aulki gaineko saskibaloiko Euroligaren finala Bilbon jokatuko dute

uriola.eus 2018ko api. 24a, 09:48

Bidaideak Bilbao BSR talde bilbotarrak lehiaketan parte hartuko du. Azken faseko partidurik gehienak Txurdinagako kiroldegian jokatuko dira, hirugarren eta laugarren posturako partidua eta finala barne. Sarrera doakoa izango da.

Apirilaren 27an, 28an eta 29an, Gurpil Aulki gaineko Saskibaloiko Europa mailako erreferente izango da Bilbo. Bilbo izango da Euroligaren azken faseko partiduen egoitza. Titulua eskuratzeko borrokan, 8 talde arituko dira, Turkia, Britainia Handia, Austria, Alemania eta Bilbotik etorritakoak. Europa mailako lehiaketa ofiziala da, eta aukera ezin hobea zaleentzat gurpil-aulki gaineko goi-mailako saskibaloia bertatik bertara ikusteko.

Gurpil Aulki gaineko Saskibaloiko Nazioarteko Federazioak Bilbo izendatu du aurtengo finalen faseko antolatzaile, ikusita 2017ko finalaren aurreko fasea antolatu izanak emandako arrakasta. Horrela, Bilbok nazioarte mailan garrantzi handikoak diren ekitaldiak antolatzeko ahalmena duela eta politika, kultura edo kirol arloko ekitaldi handien egoitza izateko interesa pizten duela onartzen da.

Bilboko Udalak Europa mailako kirol ekitaldi honen alde egin du, gure gizartean kirol egokitua ikusgai egiteko modua ere badelako. Ildo horretatik, “Bilborako Kirolaren Plan Estrategikoan” jasota dago Udalak kirol egokitua sustatzeko eta laguntzeko hartu duen konpromisoa. Udalak uste du dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat kirola egitea ohitura osasuntsu eta aktiboa izateaz gain, integratzeko eta gizarteratzeko tresna ere badela.

Gainera, final hauei esker, Udalak -berdintasunarekin eta inklusioarekin konpromisoa hartua baitu- egunez eguneko bizimoduan funtsezkoak diren zenbait balio sustatzen ditu: ahalegina, adiskidetasuna, irmotasuna, integrazioa eta zailtasunak gainditzeko grina.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia eta Iñigo Pombo Gizarte Ekintza Saileko zinegotzia ondoan dituela, Euroligako azken faseko lehenengo partiduko ohorezko sakea egingo du, Txurdinagako kiroldegian, apirilaren 27an, 12:30ean.

18 PARTIDU HIRU EGUNETAN

Hiru egunez zortzi talde arituko dira norgehiagoka. Lehiaketa honetan talde guztiek jokatzen dute guztien aurka eta ondorioz, partidu gehien irabazten duen taldea izango da irabazlea. Berdinketarik egonez gero, average partikularra hartuko da kontuan.

Bidaideak Bilbao BSR taldearekin batera, hauek arituko dira: Galatasaray (Turkia), Oldham Owls (Britania Handia), Interwetten- Coloplast Sitting Bulls (Austria) , BG Baskets Hamburg (Alemania), Besiktas (Turkia), London Titans (Britania Handia) eta Kardemir (Turkia). Hortaz, 3 talde turkiar, bi ingeles, alemaniar bat eta austriar bat arituko dira, Bidaideak Bilbao BSR taldearekin batera, Europako agintea norena den lehiatzen.

Galatasaray izango da Bilbon faborito nagusia, Europa osoan curriculum onena duen taldea baita. Besiktas -Turkiakoa hori ere- da Galatasaray taldearen aurkari nagusia, nazio mailan zein nazioartean. Istanbulekoak biak, aurkariak dira kiroletako sekzio guztietan, baita gurpil-aurki gaineko saskibaloian ere.

Turkiako hirugarren taldea Kardemir Karabukspor da, aski ezaguna talde bilbotarrarentzat; izan ere, aurreko denboraldian Frantziako Tolosan egin zen Euroligaren azken fasean elkarren aurka jokatu zuten eta turkiarrak izan ziren garaile.

BG Baskets Hamburgo taldea, ordea, Alemaniako liga indartsuko punta-puntako taldea da; taldekide askok euren herrialdeetako selekzioetan jokatzen dute, horien artean, Ali Ahmadi iraniarrak. Interwetten-Coloplast Sitting Bulls Austriako talderik indartsuena da; 25 titulu eskuratu ditu eta ohikoa izaten da Europako lehiaketetako azken faseetan.

Euroligan arituko diren beste talde biak ingelesak dira. Batetik, London Titans, 2015ean Bidaideak Bilbao BSR taldearen aurka jokatu zuena Yalovan (Turkian), Challenge Cup-eko sailkapeneko fasean, eta iaz Bilbon, Euroligako sailkapeneko fasean. Partidu biak Bilboko taldeak irabazi zituen. Eta bestetik, Oldham Owls, Ingalaterrako talde historikoetako bat; talde honetako jokalari askok nagusien selekzioan eta 22 urtez azpikoen selekzioan jokatzen dute.

BIDAIDEAK BILBAO BSR

Antolatzailea delako iritsi da azken fasera talde bilbotarra. Bilbotarrak ezin dira, curriculum-ari dagokionean, aurkariekin parekatu, 5 urteko esperientzia laburra baitu Europako lehiaketatan, hain zuzen ere, Bidaideak elkartea BSR Bilboko klub historikoarekin batu zenean hasi zena.

Lehenengo partaidetzan ezin izan zuen Challenge Cup-eko sailkapeneko fasea gainditu baina 2016an sailkapenetan irabazi eta azpitxapeldun geratu zen Banja Lukan (Bosnia) jokatutako finalean. Iaz, sailkapeneko partiduak Bilbon jokatu ziren eta hor Bidaideak BSR irabazle izan zen, partidurik galdu gabe; ondoren, 7 aurkari izan zituen Tolosan eta han lortutako laugarren lekuari esker, Nazioarteko Federazioaren sailkapenean gora egin zuen.

LEHIAKETAKO EGUTEGIA

Partiduak barikuan, zapatuan eta domekan izango dira, Lasesarreko eta Txurdinagako kiroldegietan; Txurdinagakoan finala eta hirugarren eta laugarren posturako partidua ere jokatuko dira. Kiroldegietarako sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Apirilaren 27a, barikua:
12:30h Bidaideak Bilbao BSR – Interwetten Coldplast Sitting Bulls. Txurdinagako kiroldegia. 
Galatasaray Sk – London Titans WBC. Lasesarreko kiroldegia.
14:45h The Owls – BG Baskets Hamburg. Txurdinagako kiroldegia. 
Kardemir Karabüskspor Kulübü – BJK RMK Marine. Lasesarreko kiroldegia.
17:45h London Titans WBC – Bidaideak Bilbao BSR. Txurdinagako kiroldegia. 
18:00h Interwetten Coldplast Sitting Bulls - Galatasaray Sk. Lasesarreko kiroldegia.
19:45h BJK RMK Marine – The Owls. Txurdinagako kiroldegia.
20:15h BG Baskets Hamburg - Kardemir Karabüskspor Kulübü. Lasesarreko kiroldegia.

Apirilaren 28a, zapatua:
09:30h Galatasaray Sk - Bidaideak Bilbao BSR. Txurdinagako kiroldegia.
London Titans WBC - Interwetten Coldplast Sitting Bulls. Lasesarreko kiroldegia.
11:45h Kardemir Karabüskspor Kulübü - The Owls. Txurdinagako kiroldegia.
BJK RMK Marine - BG Baskets Hamburg. Lasesarreko kiroldegia.
15:15h 5. eta 6. tokia. Txurdinagako kiroldegia.  
7. eta 8. tokia. Lasesarreko kiroldegia.
17:30h Final aurrekoa. Txurdinagako kiroldegia. 
Final aurrekoa. Lasesarreko kiroldegia.

Apirilaren 29a, domeka:
10:00h 3. eta 4. tokia. Txurdinagako kiroldegia.  
12:15h FINALA. Txurdinagako kiroldegia.