Iazko urrian aurkeztu zen Udaletxean 20 laguneko lantaldea, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea izenarekin. Besteak beste, ETAk hil zuen Fermin Monasterioren alaba Dori Monasteriok, GALek eraildako Santi Brouarden alaba Edurne Brouardek eta Ertzaintzak jaurtitako pilotakadaren ondorioz hildako Iñigo Cabacasen guraso Manu Cabacas eta Fina Liceranzuk osatua.
Taldearen xedea da "terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei dagokienez egindako udal-politika publikoak jorratze aldera, betiere errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak nahiz jarduketak adostu eta horietan lan egitea".
Urtean ohiko bi bilera egitea eta ezohiko bilerak egitea, beharrezkotzat jo ezkero, adostu zuen taldeak.
Jardun horren baitan, gaur, 19:30ean, ekitaldi publikoa antolatu dute Azkuna Zentroan. Lehen aldiz jendartera zabalik egongo dena. "Topaketarako eta lankidetzarako espazioa" izan nahi du, "mina, dolumina eta bakemina" konpartitzeko hitzordua.
Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunean Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek parte hartzen dute PP alderdiak izan ezik.