Bizkaiko bulegoetako eta langeletako langileek greba egingo dute gaur eta bihar. ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek bat egin dute deialdiarekin eta Bizkaiko 23.000 langile dira grebara deituta daudenak. Gaur, 12:00etan manifestazioa egingo dute Arriaga Plazatik Iberdrola Dorreraino.
Orain dela sei urte iraundu zuen langileek zeukaten hitzarmena, eta oraindik ezin izan dute CEBEK patronalarekin berria adostu. Urte hauetan langileen eta patronalaren arteko gatazkak gora egin du, greba eguna heldu arte. Izan ere, azkenengo hitzarmena 2010. urtean sinatu zen, eta bi urte pasa ostean ez zuten berritu, eta hor bukatutzat eman zuten. Beraz, azkenengo 6 urte hauetan ez dira patronalarekin itun berria adosteko gai izan eta langileek grebara joatea adostu dute.
CEBEK, bere aldetik, sinatu zuten azken hitzarmena alde batera utzi nahi du. Antzinatasuna eta gutxieneko bermea kendu nahi du eta langileek ez dute horrelako baldintzarik sinatu nahi. Patronalaren jarrera salatu dute eta azkenean bi greba egun egitea adostu dute.
Horrez gain, apirilaren 9tik, 'Bulegunea' jarri dute Arriagan Plazan, borroka sindikala gizarteratzeko. Bertan, beraiek dituzten arazoak eta eskuratu nahi dutena plazaratzen ari dira. Gaur, lehenengo greba egunean, Productos Tubulareseko langileak pasatu dira bertatik beraien laguntza eskaintzeko. Honek 44 egunez egon ziren greban eta azkenean, enpresa atzera egitea lortu zuten, eta pasa den astean lanera itzultzea lortu zuten.