"Ehunka" emakume direla jakinarazi dute, nahiz eta atzokoan Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean dozena bat aurkeztu. "Egunero" Lanbideren bulegoetan euren eskubideak urratzen dituztela adierazi dute. Batik bat, larritzat jo dute, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen kasua. "Tratu txarrak, erasoak, lan bazterkeria, prekarietatea eta pobrezia jasaten dutenena".
Hainbatek Arartekora eta administrazioarekiko auzi-prozesu epaitegietara eraman dute jada euren salaketa.
Aurrera begira, DsBEren egungo erreformarekin, emakume hauen egoera "larritu" egingo dela iragarri dute Bizkaiko gizarte eragileek eta emakumeen taldeek, "prekarietatea eta pobreziaren feminizazioa areagotuko dutelako" erreformaren zenbait puntuk, "emakumeek bizi duten eguneroko errealitatetik oso urrun dauden irizpide erabat arbitrarioen ezarpenagatik".
Horregatik "neurri eraginkorrak" exijitu dizkiete talde politikoei eta erakundeetako ordezkariei, "emakumeei dagozkien gizarte prestazioak eskuratzeko eskubide guztiak bermatu ahal izateko". Epe laburrean bai Aratekoari bai Emakunderi Lanbideren erabiltzaile diren emakumeen salaketak eta proposamen zehatzak igorriko dizkiete.