Edukiontzi marroia hiri osora zabalduko da

uriola.eus 2018ko api. 25a, 13:05

Hondakin organikoen bilketa 5., 6., 7. eta 8. barrutietara helduko da epe laburrean Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Ibaiondo, Abando, Errekalde eta Basurtu-Zorrotzara, alegia. Gainera, orain arte egon diren edukiontziak kendu eta irekitzeko sistema berria duten edukiera handiagoko edukiontzi berriak jarriko dituzte. Edukiontzi marroiaren erabiltzaile diren familiei "bonifikazioa aplikatzea" eskatu du EH Bilduk.

Edukiontzi marroiak orain arte egon ez diren auzoetan jartzeaz gain, orain arte egon diren 373 edukiontzi zaharren ondez berriak jarriko dituzte eta alde batzuetan birziklatzeko edukiontzi gehiago jarriko dituzte. Urtearen amaierara arte, kalean 1.500 edukiontzi marroi berri jarriko dituzte; beraz, udal ordezkarien arabera "edukiontziko 260 biztanleko ratioa egongo da Bilbon".

Egun, gutxi gorabehera, 9.100 familiak erabiltzen dute sistema hau, eta bere bitartez urtean 586.199 kilo hondakin organiko jasotzen dira. Edukiontzi marroiak hiri guztian jarrita, "urtean 3.600.000 kilo inguru biltzea" aurreikusita dago.

Apirilaren 30ean informazio-kanpaina trinkoa hasiko dute birziklatzeko edukiontzi marroiak aurreneko aldiz jarriko dituzten Ibaiondo, Abando, Errekalde eta Basurtu-Zorrotza auzoetan. Kanpainak hilabete bi iraungo du. Horrela "ahalik eta familia gehienek, haiek hala nahi dutelako, parte hartzea lortu nahi da, edukiontzi marroian etxean sortutako hondakin organikoak bereizita utziz".

Udaren ostean bigarren fasea izango da, eta dagoeneko edukiontzi marroiak jarrita dauden barrutietan zaharren ordez berriak jarriko dituzte eta zabaltzeko sistema hobea izango dute. Horretarako, orain arte hondakin organikoak birziklatzeko giltza erabili duten familiek giltza entregatu eta haren ordez edukiontziak zabaltzeko txartela hartu beharko dute. Txartela beste honetarako ere erabili ahalko dute familiek: doan hondakin organikoak batzeko poltsak jasotzeko. Poltsa horiek hondakin organikoa bereizita botatzeko dira eta barrutietan egongo diren makina batzuetan hartu beharko dituzte herritarrek.

Zabor-poltsetan egoten den hondakinen %40 organikoa izan ohi da, eta hondakin organiko hori birziklagarria da konposta lortzeko.

Era berean, Udalak ekoizle handien artean informazioa areagotuko du; hala nola, fruta-denden, lore-denden eta ikastetxeen artean. Ekoizle handi horien hondakin gehienak organikoak dira. Bilbon ekoizle handitzat jotzen diren 129 ikastetxe, 37 lore-denda eta 70 fruta-denda eta ekoizle txikitzat jotako 149 fruta-denda daude.

 

Bonifikazio eskakizuna

EH Bilduk positibotzat jo du bosgarren edukiontzia hiri osora zabaltzea, eta uste du une egokia dela sistema hori erabiltzen duten familiei zerga pizgarria aplikatzea.

"Bonifikazio hori 2019. urtean abian jartzea eskatzen dugu. Udalean ordezkaritza daukaten alderdi guztien babesa jaso duen proposamena da eta birziklapena sustatzeko tresna bat izango da", azpimarratu du Aitziber Ibaibarriaga bozeramaileak.

Hain zuzen ere, sentsibilizazio horren beharraren garrantzia aipatu du EH Bilduk. Nahiz eta Bilboko zonalde batzuetan sistema hori martxan egon, "datuak ez direlako onak". Bilbon pertsona bakoitzeko biltzen diren hondakin organikoen kopurua ez da hondakin guztien %4ra heltzen, nahiz eta etxeko zaborren %40 organikoa izan.