Bilboko eta Estatu osoko mobilizazioek Espainiako Gobernua "higatu" dute, eta EAJren proposamenaren aurrean, Rajoyk "amore eman" du, "pentsioen dirua, ez zegoena, agertzeraino". Horixe da pentsioen sistema publikoaren aldeko Estatuko koordinadoraren irakurketa PPren eta EAJren itunaren harira. Horregatik diote koordinadorako kideek akordioa betetzen denean, "bataila bat" irabaziko dutela, "baina ez guda". Izan ere, pentsiodunen arazoak "bere horretan jarraitzen du".
Espainiako Gobernuak eta EAJk adostu dutenez, pentsioak %1,6 igoko dira 2018an, aurtengo aurreikusitako inflazioaren arabera, eta KPIren arabera 2019an. Horrezaz gain, lau urte atzeratuko dute, 2023ra arte, jasangarritasunaren faktorea, eta alargunen pentsioen oinarri arautzailea %56 igoko da 2018an eta %60 2019an.
Estatuko koordinadoraren aburuz, "jasangarritasunaren faktorea ezartzen duen 2013ko legea guztiz indargabetu beharra dago, pentsiodun berrientzat beherapen bat gehiago delako". Era berean, Pentsioen Balioa Handitzeko Indizea ere indargabetu behar da, 2020tik aurrera "berriro ere pentsioen %0,25eko igoerara zigortzen" dituelako. Alargunen pentsioen oinarri arautzaileari aurtengo ezarritako igoera ere ez dute gustuko. %56koa beharrean, "%59ko izan behar delako".
Horregatik erabaki dute mobilizazioei eustea. Hain zuzen ere, honako eskakizunak egiteko: jasangarritasunaren faktorearen indargabetzea, "eta ez lau urtez soilik atzeratzea", Pentsioen Balioa Handitzeko Indizea aldatzea eta pentsio guztiak KPIren arabera eguneratzea, generoaren arteko pentsioen arraila txikitzeko eta ezabatzeko neurriak adostea, erretiroa eragozten duten 2011ko erreformaren puntuak indargabetzea, Estatuko Aurrekontu Orokorretan Gizarte Segurantzaren finantziazioa bermatzea, pentsio duinen eskubidea Konstituzioan txertatzea eta Gizarte Segurantzaren erreforma osoa egitea, "lan erreforma batekin eta beste fiskalitate batekin lotuta".
Euren eskakizunak aintzat hartu bitartean, mobilizazioekin jarraituko dute pentsiodunek. Asteleheneroko Udaletxeko elkarretaratzeaz gain, maiatzaren 5ean eta 26an manifestazioak deitu dituzte Bilbon. Larunbat honetan, hitzordua 18:00etan da Udaletxe aurrean. Manifestazioaren ibilbidea: Udaletxea, Venezuela Plaza, Ibañez de Bilbao, Albia Lorategiak, Mazarredo Zumardia eta Kale Nagusia-Jesusen Bihotza.