Merkataritza eta teknologia lotzeko 'Technoshop' ekimena

uriola.eus 2018ko mai. 3a, 11:00

Hiriko 24 saltokik lagatako erakusleihoak erabiliko dituzte apirilaren 30etik maiatzaren 14ra. Bertan,Ingeniaritzako 6 ikaslek lau tutoreren laguntzarekin egindako proiektu teknologikoak jarri dituzte ikusgai.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, eta Deustuko Unibertsitateak Technoshop ekimenaren III. edizioa bultzatu dute. Ekimenaren xedea merkataritza eta teknologia lotzea da.

Aditu batzuek osatzen duten epaimahai batek maiatzaren 10ean hautatuko ditu hiru proiektu irabazleak, teknologiaren kalitatearen, negozioaren ezaugarriei egokitzeko gaitasunaren eta proiektuan negozioaren elementuak gehitu izanaren arabera. Hiru ikasle irabazleek eskudirutan jasoko dituzte sariak, eta 200 eurotik 700 eurorainoko sariak izango dira. Saltoki irabazleek, halaber, sari bat jasoko dute, eta establezimenduan jarri ahal izango dute ikusgai.

Technoshop ekimenaren asmoa da ingeniaritzaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta merkataritzaren sinergia frogatzea. Helburua da Bilboko merkataritzaren berritasun-zaletasuna agerian uztea eta, gainera, Ingeniaritza ikasleek diseinatutako proiektuen garapenari babesa ematea. Ingeniaritza eta merkataritzaren arteko aliantzak 24 ikasleri ideiak garatzeko eta prestakuntza praktikoa hobetzeko aukera eman die, bai eta kaleko errealitate sozialarekin lotura zuzena ezartzeko ere.

Bilboko Udalaren eta Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatearen lankidetza giltzarria izan da Technoshop ekimenaren III. edizioa abian jartzeko. Horrez gain, sektore publikoa, unibertsitatea eta merkataritza helburu bakarraren alde uztartzea ahalbidetu du; izan ere, Technohop-ek ideiak garatzeko, prestakuntza praktikoa hobetzeko eta herritarrekin lotura zuzena ezartzeko aukera ematen die Ingeniaritza Fakultateko ikasleei, eta, aldi berean, biztanleak teknologia berrietara eta horren askotariko aplikazioetara hurbildu ahal izango dira.