Politika Sozialen aldeko Ituna ez dutela sinatuko adierazi dute oposizioko alderdi guztiek

uriola.eus 2018ko mai. 3a, 17:01

EH Bilduk, Alderdi Popularrak, Irabazi Bilbok eta Udalberrik Bilboko Udaleko Politika Sozialen aldeko Itunean ez dutela parte hartuko eta, beraz, ez dutela sinatuko adierazi dute. Gaur Udaleko alderidiek ituna aztertzeko izan duten bileran Gobernuaren eta oposizio osoaren arteko desberdintasunak agerian gelditu dira.

Hilabete eta erdiko negoziazioen eta talde-lanaren ondoren oposizioan daunden alderdi guztiek ezetz esan diote Jeltzaleek eta Sozialistek osotzen duten Gobernuari. Guztien artean ekin zioten Itun horretan lan egiteari, baina bi bileren ostean dena bertan behera gelditu da. Oposizio osoa, Alderdi Popularra barne, Aburtok zuzentzen duen Gobernuaren kontra aurkeztu dira.

EH Bilduren esanetan "Dokumentuak hainbat gabezia ditu. Esaterako, ez da udal taldeekin edo mugimendu sozialekin partekatutako inongo diagnostikoan oinarritzen. Beste alde batetik, ez dago, betiko leloetaz haratago, genero ikuspegirik nahiz eta emakumeak izan pobrezia eta bazterketa gehien pairatzen dutenak”. Horretaz gain, ez da zehazten zein izango den neurri bakoitzarentzat aurrekontua eta zein izango den kudeaketa eredua, nahiz eta zerbitzuan eta gizarte langileen egoeran eragina zuzena izan.

Hildo beretik, Udalberrik gobernuari antzeko kritika bat egin dio: "Taldeak ez du Bilboko Udaleko Politika Sozialen aldeko Ituna sinatuko, PNV – PSEren Gobernuak ez duelako inolako aurrekontu-konpromisorik hartu." Koalizioko zinegotzia den Amaia Arenalek gaur goizean hau adierazi du: “Gauzatu beharreko neurri zehatzei buruzko inolako edukirik ez duen dokumentu bat da. Asmo-aldarrikapen soil bat besterik ez da. Ez dute planteatzen diren neurrien garapenerako baliabide ekonomikorik eta eperik zehazten”.

Arenalen arabera, Udal honek gizarte-politiken eredua aldatzeko borondaterik ez duelako gertatzen da hori. “Egungo Udal Gobernuak ez du benetako partaidetza-prozesu baten bidez gogoeta konpartitu bat egin nahi, erabiltzaileak ikerketa-gai izateari utzi eta diagnostikoaren subjektu aktibo izan daitezen”.

Alderdi Popularrak eta Irabazik, ere, Gobernu taldearen borondatea kolokan gelditu dera adierazi dute. "Aburtok argazkia lortu nahi izan du, eta ez benetako Itun on bat. Ez da akordioetara heltzeko borondaterik egon" adierazi du Alderdi Popularreko bozeramaileak.