Hurrengo asteburuan etorriko den errugbizale kopurua dela eta, instituzioek gomendatu dute maiatzaren 11n eta 12an ibilgailu pribaturik ez erabiltzeko Bilbora joateko eta garraio publikoa erabiltzeko. Helburu horrekin koordinatu da garraio publiko guztia, eta hainbat erakundek estu lan egin dute Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzaren baitan.
Zentzu horretan, Metro Bilbaoren zerbitzua indartuko da. Hiru egunez etengabe funtzionatzen arituko da: ostiral goizaldetik igande gauera. Horrez gain, larunbateko eta igandeko ordu jendetsuenetan ohiko maiztasuna handituko da. Gainera, Tranbiaren, Bilbobusen (gautxoria barne) eta Bizkaibusen ohiko zerbitzuak ere indartuko dira, eta autobusen karrusela jarriko da Bilbotik aireportura eta kontrako noranzkoan.
Bilboko Udalak San Mames inguruko ostalaritza establezimenduei jakinarazi die terrazak kendu behar dituztela partidak hasi baino 3 ordu lehenago, bisitarien eta bilbotarren segurtasuna bermatzeko. Garraio enpresei, etxe aldaketetako garraiokoei, obretako edukiontzietakoei eta abarri ere jakinarazi zaie espazio publikoa libre gelditu beharko dela, eta elementu eta azpiegitura horiek ez dutela bertan egon behar egun horietan kirol esparruaren inguruko kaleetan.
Gainera, asteburu horretan, Deustuko erriberan, Itsas Museoan, Abandoibarran, Deustuko zubian, Pio Barojan eta San Anton zubian kokatutako moilak soilik erabiliko dituzte bidaiariak uzteko eta jasotzeko baimena dutenek, eta ezingo dira bertan ontziak lotu, baimendutako negozioak salbu.
Bilboko Udalak bi orduz luzatu du ostalaritzako lokalak ixteko ordutegia maiatzaren 10etik 12ra, errugbi finalak direla eta. Ohiko ordutegia bi ordu luzatzea aplikatu ahal izango zaie ostalaritza lokal guztiei, salbu eta “eguneko" establezimenduei, “osagarriei” eta terrazei, horiek ordutegi araubide ezberdina baitute. Establezimenduen kanpoan kontsumitzeko ordutegiari ere ezingo zaio aplikatu luzapen hori.
Beste alde batetik, jende asko bilduko dela aurreikusi denez eta segurtasun-arrazoiak direla, eta ostalaritzako lokalei edo antzekoei ez zaie kanpoko barrak jartzea baimenduko.
Bilboko Udaleko Osasun eta kontsumo Arloak lan handiagoa egingo du errugbiko finalen asteburuan eskainiko diren elikagaien eta edarien osasungarritasuna bermatzeko. Horretarako, hiriaren esku jarriko dute teknikari eta ikuskatzaileen talde bat, edarien eta elikagaien salmenta-puntuak ikuskatuko dituztenak, indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzen aldera, bai eta antolatuko diren jarduera guztietara doazenen osasuna bermatze aldera ere.
Zaleak
Gloucester Rugby eta Cardiff Blues arduratuko dira maiatzaren 11n, 21:00etatik aurrera, Challenge Cup txapelketaren titulua eskuratzeko San Mamesen jokatuko diren finalak inauguratzeaz.
Partidarako sarrerak saltzeari dagokionez, EPCRk markatutako aurreikuspenak soberan gainditu dira; izan ere, 31.000 sarrera saldu edo erreserbatu dira finala ikusteko. Hala ere, oraindik salgai daude partida ikusteko sarrerak, eta web ofizialaren bitartez eskura daitezke: www.epcrugby.com/bilbao2018.
Bestalde, Leinster Rugby eta Racing 92 taldeek Champions Cupeko finala jokatuko dute maiatzaren 12an San Mamesen, 17:45ean. Partidarako 49.000 sarrera saldu edo erreserbatu dira.
Fan Zone
Bi finalak jokatu baino astebete lehenago, hiria prest dago 100.000 errugbizale hartzeko. Hainbat tokitan bizi ahal izango dute errugbiaren esentzia, finalen aurretik, jokatzen ari diren bitartean eta haien ondoren:
- Areatzako Fan Zonea. Karpa handi bat izango da, eta kirol horren inguruko jarduera ugari egingo dira bertan. Areatzan egongo da maiatzaren 10ean, 11n eta 12an. Ostegunean, hilaren 10ean, inauguratuko da leku hori, 18:00etan. Ostiralean, hilak 11, 11:30etik 23:30era egongo da irekita Fan Zone, eta larunbatean, hilak 12, 11:00etatik 23:00etara egongo da irekita. Igandean 11:00etatik 16:00etara egongo da irekita.
- San Mameseko Fan Plaza. San Mameseko estadiotik gertu egongo da espazio hori, ostiralean 18:30etik 20:30era eta 23:00etatik 00:30era, eta larunbatean 15:00etatik 17:15era eta 20:00etatik 22:30era irekita egongo dena. Bertan txosna bat, food truck batzuk eta eszenatoki bat egongo dira.
- Casilda Iturrizar parkea. Espazio horretan Universitario Bilbao Rugby Club taldeak zelai amerikar bat, ludoteka bat, ohe elastikoak, bungee run, errugbi zelai bat eta lantegi gune bat jarriko ditu ostegunean, ostiralean eta larunbatean. Espazio hori ostegunean, maiatzaren 10ean, 20:00etatik 23:00etara egongo da irekita, ostiralean, maiatzaren 11n, 16:00etatik 23:00etara, eta larunbatean, maiatzaren 12an, 11:00etatik 23:00etara.
- Deustu. Deusto Bizirik merkatari elkarteak hainbat jarduera egingo ditu auzoko hainbat lekutan, errugbi finalekin lotutakoak, ostiralean eta larunbatean, hilaren 11n eta 12an, hala nola kontzertuak eta erakusketak.
- Indautxu. BilbaoCentro elkarteak ere hainbat kontzertu emango ditu Indautxu plazan eta inguruan ostiralean.
- Alde Zaharra. Alde Zaharreko hainbat tokitan egingo dira kontzertuak, lantegiak, kalejirak eta erakusketak, ostiralean eta larunbatean, 11n eta 12an.