Egun historikoen esperoan

uriola.eus 2018ko mai. 7a, 17:07

Sei nazioen zirkuitutik kanpo jokatuko dira lehen aldiz errugbiko Europa mailako finalak ostiralean eta larunbatean, Bilbon, San Mames zelaian. Horregatik jotzen ditu "historikotzat" datozen egunak Universitario Bilbao taldeko Aitor Jauregi presidenteak. 1982ko futbol mundialak izan zuen oihartzunarekin alderatu du European Champions Cupeko eta Challenge Cupeko aurtengo finalek izango duten oihartzuna.

Harreman luzea eta uste baino estuagoa dute errugbiak eta Bilbok. Izan ere, iberiar penintsula osoan Bilbon jokatu zen errugbiko lehen partida, data zehatza ezagutzen ez bada ere. Euskal Museoan maiatzaren 20ra arte bisita daitekeen Universitario Bilbao Rugby: 50 urte izeneko erakusketan ematen den datuetako bat da hori. Erakusketan hamaika bitxikeria bildu dituzte. Besteak beste, 1924an Pitxitxi futbol jokalariaren alargunari diruz laguntzeko Baiona eta Hendaiako taldeen artean antolatu zen errugbi partidaren aipamena. Futbol talderik ez, eta errugbi taldeak lehiatu ziren.  

Futbolaren itzalean hainbeste urtetan bizi izan den kirolak azken urteetan indarra hartu du, baita Bilbon ere, eta ondorioz, Bilboko errugbi talde bakarra –Bizkaiko klub zaharrena, 1968an sortua– ere indartu egin da. Harrobia azken hamar urteetan asko landu du Universitario Bilbaok, ume eta gazteekin. Neska eta mutilen parte-hartzea ere sustatu du, eta duela bi urte desagertuta zegoen nesken taldea berpiztu zuen. 40 emakume daude egun taldean, eta klubeko kideek helburutzat dute bi urte barru nesken bigarren talde bat sortzea.

Aitor Jauregi presidenteak errugbia kirol inklusiboa dela azpimarratzen du. Baldarrek, lodiek, argalek... denek dutela lekua errugbian. Filosofia barneratzaile horri jarraiki, desgaitasunen bat duten lagunek errugbian entrenatzen dute talde inklusiboetan. Horixe da klubaren beste lehentasunetako bat: talde barneratzailea izatea. 

Ostiral eta larunbateko finalak lagungarri izango dira bai errugbia bai Universitario Bilbao taldea hirian ezagutzera emateko, batetik, eta, bestetik, erakundeen eta babesleen artean kirolarekiko interesa zabaltzeko. Biak ditu jomuga Universitario Bilbaok. 

Ostegun arratsaldetik aurrera, Universitario Bilbao errugbi taldeak Doña Casildako Pergolan Meeting Point gunea antolatu du. Puzgarriak, errugbi zelaia, edariak, jatekoa, denda, musika... ez dira faltako adin guztietako errugbizaleentzat.   

App propioa

Bilboko Udalak EPCRugby Bilbao Finals 2018 aplikazioa kaleratu du. Tresna horren helburua da bisitariek eta herritarrek errugbiaren jaiaz gozatzeko beharrezkoa den informazio guztia biltzea Bilbon jokatuko diren kirol honetako kluben arteko Europako bi final nagusietan dena prest izateko. 

Eskugarri dago aplikazioa iOS eta Android plataformetarako. Tresna horren bitartez, San Mameseko estadioaren ezaugarriak eta kokapena, Bilbora iristeko gomendatzen diren garraiobideak, aholkuak eta gomendioak, turismo-leku interesgarriak eta Fan Zone eremuko eta hiriko beste espazio batzuetako jardueren programazioa, bai eta merkataritza-jarduerari buruzkoa ere jaso daitezke.

Aplikazioak, halaber, denbora errealean bidaliko ditu berriak eta alertak lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.

 

Sarrerak

Oraindik eros daitezke Challenge Cup eta Champions Cup finalak zuzenean ikusteko sarrerak www.epcrugby.com/bilbao2018.php webgunearen bitartez.

Gloucester Rugby eta Cardiff Blues arduratuko dira maiatzaren 11n Challenge Cup txapelketaren titulua eskuratzeko San Mamesen jokatuko diren finalak inauguratzeaz 21:00etan.

Partidarako sarrerak saltzeari dagokionez, EPCRk markatutako aurreikuspenak soberan gainditu dira; izan ere, 31.000 sarrera saldu edo erreserbatu dira maiatzaren 11n, ostiralean.

Bestalde, Leinster Rugby eta Racing 92 taldeek Champions Cup jokatuko dute maiatzaren 12an San Mamesen, 17:45ean. Champions Cup finalerako 49.000 sarrera saldu edo erreserbatu dira, hortaz, baliteke Europako Kopako finalean estadioa bete-beteta egotea, azkenengoz 2013. urtean gertatu zen bezala.

 

100.000 bat bisitari

EPCR klubak aurreikusi duenaren arabera, maiatzaren 11ko eta 12ko asteburuan 100.000 errugbi-zale etorriko dira Bilbora, lau talde finalistak animatzeko edo ohiko zirkuitutik kanpo egingo diren errugbi-finaletako bat ikusteko asmoz.