Vista Alegre zezen plazak 216.000€ baino gehiagoko galerak izan ditu aurten

uriola.eus 2018ko mai. 7a, 13:45

Horrelako galerak dituen zezen plaza “zulo ekonomikoa” dela salatu du EH Bilduk. Irabazi Bilbo eta Udalberri alderdiek ere zezenketekin bukatzea eskatu dute. "Vista Alegre ixteko ordua heldu da" adierazi du Carmen Muñozek.

Plazaren kontuak makilatzeko diru publikotik ia 40.000€ bideratzen direla salatu du gaur goizean Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak. Vista Alegre zezen plazako emaitza ekonomikoak ezagutu ondoren, Ibaibarriagak adierazi du azpiegitura hori “zulo ekonomiko” bat dela. Ricardo Barkala zinegotziak emandako datuen arabera, legegintzaldi honetan zezen plazak milioi erdiko galerak izan ditu. Izan ere, 2017ko datuak legegintzaldi osoko txarrenak izan dira eta 216.000€ baino gehiagoko galerak izan ditu zezen plazak aurten.

EH Bildu Bilboko bozeramailearen ustez, zezen plaza aspaldi itxita egongo litzateke diru pribatuaz soilik finantzatu behar izanez gero. Laguntzarik gabe eta soilik EAJk eta PSEk aipatzen duten ustezko zaletasunari esker, zezen plaza irekita mantentzea ezinezkoa izango litzateke”.

Era berdinean azaldu da gaur Carmen Muñoz, UdalBerriko bozeramailea: “EAJk Bartzelonaren adibidea jarraitu beharrean, Bilbon zezenketa gehiago egin dezatela nahi du, eta hori lortzeko lanean ari dira. Animalien tratu txarraren katedralarekin bukatzeko unea heldu da, ez dago inolako aitzakiarik.”

Beste erabilera batzuk

Diru publikoa kontuak makilatzeko erabili beharrean, beste ekintza batzuk antolatzeko erabili behar direla eskatu dute. Izan ere, Udalak 40.000€ inguru gastatu ditu aurten sarrerak erosten. Horregatik, beste ekintza batzuk egin behar direla eskatu dute. Horiek Vista Alegren bertan izan daitezke, baina, azaldu dutenez "ekintza horiek, inolaz ere, ez dute zezenekin zerikusirik izan behar".

EH Bilduk azpiegiturari beste erabilera batzuk ematea eskatu du. “Zezen plazaren kudeaketarako baldintza berriak zehaztuko dituzte orain. EAJk aukera ederra dauka azpiegitura horri herritarrentzat onuragarria izango den erabilera bat emateko. Erabilera horretatik kanpo, noski, zezenketekin zerikusia daukaten egitasmoak daude”.