Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DsBE) inguruko kasu asko ditu esku artean ESK sindikatuko Iñaki Carro abokatuak. Errenta horren eskatzaileak ordezkatzen ditu justiziaren aurrean. Errekurtso asko "forma-akatsagatik" irabazi dituela dio Iñakik. Bere esanetan, Lanbidek, "askotan, ez du prozedura jarraitzen", eta forma akatsak egiten ditu.
Lanbideren prozedura 75 irizpidetan oinarritzen da. Jarraitu beharreko araua azaltzen dute irizpide horiek. Bada, Iñakik 75 irizpide horietatik 27 irizpideren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, "oso era argian 27 irizpideek arautik haratago jotzen dutelako". Araua azaldu beharrean, "arauak ez dioena gehitzen dutelako", hain zuzen ere.
Errekurtsoa Iñakik bere izenean aurkeztu zuen, ez ESK sindikatuaren izenean, ez Bizkaiko gizarte eragileen plataformaren izenean, ez bere bezeroen izenean. Nahiz epaitegietan "soberan jakin", bera DsBE jasotzaile askoren abokatua dela.
Epaileak ebatzi du errekurtsoa. "Arazoaren muinera jo beharrean, epaileak erabaki du ni ez naizela nor irizpide horiek eztabaidatzeko, ez dudala horretarako zilegitasunik, kaltetu zuzena ez naizelako". Baina kaltetua izan daitekeela defendatzen du Iñakik, bere bezeroak diren bezala, edota EAEn erroldatutako edonor DsBEren eskatzailea eta, ondorioz, kaltetua izan daitekeen bezala. Epailearen erabakiak "kasuz kasu eta irizpidez irizpide errekurtsoa aurkeztera" behartuko ditu aurrerantzean.
Abokatua minduta dago epaiarekin. "Pertsonalki etsituta, ez goazelako inora". Izan ere, "epaileak ez du erantzun Lanbideren irizpideak legezkoak diren edo ez". Horregatik dio Iñakik egoerak okerrera egin duela: "Lanbideren prozeduren erabilerak jarraitzen du hasieran bezain txarra izaten. Herritarrei geratzen zaien azken defentsa gunea da justizia, baina epaitegietan horrelakoak gertatzen badira akabo. Jendeak ez du epaitegietara joko bere eskubideak defendatzera. Orduan, nork itaun dezake Lanbideren irizpideen legezkotasuna? Koldarkeria ikusten dut hemen".
Prozeduraren kostak ordaintzera behartu dute Iñaki; 300 euro. Gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Santander banketxeko bulego batera hainbat gizarte eragileetako ordezkarik egin duten protestaldian herritarren babesgabetasuna salatu dute. Iñakik auzibidearen kostak zentimoekin ordaindu ditu.