uriola.eus

Euskal komunitate zientifiko-teknikoa trinkotu nahi duen sare soziala

  Jendartea  Bilbo

Udako Euskal Unibertsitateak Artizarra plataforma berria sareratu du ikerlari eta profesionalen arteko harremanak errazteko. "Euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala" izan nahi du Artizarrak, UEUko zuzendari ohi eta Artizarraren sustatzaile Iñaki Alegria Loinazek adierazi duenez.

Euskal komunitate zientifiko-teknikoa trinkotu nahi duen sare soziala
Artizarraren aurkezpena atzo Bilborocken (Argazkia: UEU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sare sozialak harreman arinak kudeatzeko tresna egokiak dira. Harreman horiek lagunen artekoak izan daitezke, eta horretako daude sare sozial ezagunenak, baina profesionalak ere izan daitezke eta horregatik arrakasta handia izan dute Linkedin lan-harremanetarako eta Google Scholar edo Research Gate sare akademikoetarako. Sare horiek izan dira Artizarraren inspirazioa, baina helburu berriarekin: "Euskal komunitate zientifiko-teknikoa trinkotzea".  

Artizarra.eus proiektuak UEUko Inguma.eus datu-basea du abiapuntu. Ingumak azken 40 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz idatziz eta ahoz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen du. Iñaki Alegriaren esanetan, "batzuentzat harrigarri bada ere", bertan dokumentatuta daude 10.000 bat irakasle-ikerlari-teknikari, 2.500 liburu, 15.000 bat artikulu zientifiko eta ia 700 doktorego-tesi besteak beste. "Oso tresna ahaltsua eta sendoa" da dokumentazioaren ikuspuntutik, eta horri esker, kontuan hartzen da akademian hainbat kalitate-adierazle neurtzeko. Baina "motz geratzen da" komunitatearen eta dinamismoaren ikuspuntutik. "Datu-base kontrolatu bat da, eta hori oso garrantzitsua da fidagarritasunaren aldetik, baina pertsonen informazioa kudeatzean edo haien arteko harremanak bideratzean egiten du kale", Alegriaren hitzetan.  

Gero eta gehiago, "globalizazioa dela edota prekarietatea dela", komunitate zientifikoaren partaideak mugitzen dira, unibertsitatez edo ikerketa zentroz aldatzen dira, eta kontaktuak galdu egiten dira. Hori detektatu dute, besteak beste, Ikergazte kongresuan. Komunitatearen sarea josteko lehen gune fisikoak (fakultateak, ikerguneak, udako ikastaroak...), bere mugekin, nahikoak ziren. "Gaur egun zailagoa da hori, eta, gainera, behar handiago dago diziplinen arteko loturak handitu diren heinean". UEUn ere nabaritu dute hori. Bazkide eta sailen sare sendo bat dute aspalditik, baina orain "gure erakundearekin hain harreman estua ez duen komunitate bat dugu orbitan, lan interesgarria egin dezakeena ondo kudeatuz gero". Eta tresna berriek horretan guztian lagun dezakete.  

UEUk sareratu duen tresna berriak hainbat funtzio ditu komunitatearen saretzea helburu duela: eztabaidak, laguntza-eskeak eta galdera-erantzunak bideratzeko foroak, adituen bilaketa, lagunen jarraipena, norberaren ekoizpena eta curriculum vitae zabaltzea... Gauza xumeak dira, baina askotan garrantzitsuak. "Esaterako, ezagutzen ez nuen teknika baten bidez astetako lana aurreztea edo profila bertan edukitzeagatik lan baterako deitzea ohiko gertaerak dira halako sareetan. Askotan pentsatzen da sare globalak erabiltzearren errazagoa izango dela aurrekoa gertatzea, baina Ikergazten aipatu zena ere gertatzen da: 'Danimarkan bilatzen ari nintzen espezialista nire bulegoko pasillo berean zegoen. Interneten bidez jakin nuen'. Interneten lokala eta globala ondo konbinatzea da gakoa. Artizarra ez dator beste sareak ordezkatzera, osatzera baizik. Eta euskarari bere tokia ematera". 

 

Izena

Artizarra izenak ere bere sinbologia du proiektuan. Sare sozialak harreman arinetarako tresna izaki, ez dute masa handiko planeta bat aukeratu. "Orbita ere ez zen oso zabala izan behar, ezta gertukoena ere". Artizarra hala zen eta hor zegoen. Gainera, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, goizeko izarra da Artizarra.

 

Hasiera

Artizarra, proiektu soziala den neurrian, ez da proiektu bukatua. Atzo Bilborocken aurkeztu zena proiektuaren hasiera da. Alegriaren arabera, "komunitate zientifiko-teknikoaren laguntza behar duena, are gehiago, arrakasta izango badu komunitatea bihurtu beharko da proiektuaren jabe". Dagoeneko 400 partaide baino gehiago ditu sare-sozial berriak. Alegriak artizarra.eus gunean izena ematera gonbidatu ditu ikerlari eta profesionalak. 

 

[2018-05-08] Aditu eta profesional euskaldunen sare sozial berria

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa