Joan den martxoaren hasieran Hiriaren Segurtasun Ituna sinatu zuten Bilboko Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek. Otxarkoagako bi adinekoen hilketa eta Ibon Urrengoetxearena denen gogoan zeuden orduan.
Jarraian ekin zion EAJk eta PSEk osatzen duten gobernu taldeak Bilborako Itun Soziala adosteko "plan oso bat" lantzeari. Plana egiteko alderdi politiko ezberdinen iritziak aintzat hartu dituztela nabarmendu dute Juan Mari Aburto alkateak eta Alfonso Gil sozialisten ordezkariak. "Behin betiko dokumentu honetan Bilboko Udaleko talde politikoek egindako 79 ekarpen sartu dira, horiek aztertu eta eztabaidatu ondoren", azaldu dute. Baina ekarpen horiek txertatzea ez da nahikoa izan oposizioko taldeek ituna babesteko.
Gizarte-kohesiorako itun estrategikoa
Gizarte politiken aldeko ituna "akordio estrategikotzat" jo dute "gizarte-kohesioa lortzeko". Ituna sustatuz –12 helbururen bidez egituratzen da, eta 46 neurri zehatzetan garatzen da–, Udalak "herritarren gizarte-eskubideak gauzatzearen aldeko ingurua sustatu eta egonkortu nahi du, eta Bilboko herritar guztien bizi-kalitatea hobetzen laguntzea du helburu", Aburto alkatearen esanetan. Horrela, Udalak "beharrizana duten pertsona, familia eta kolektibo guztiei laguntzeko zerbitzu, baliabide, ekimen eta gizarte-proiektuak bermatzeko eta erantzunak emateko duen konpromisoa berretsi du".
Sinatu ez dutenak
Oposizioko lau talde politikoek –EH Bildu, Udalberri, PP eta Ganemos Goazen Bilbao– Itun Soziala ez babestea erabaki dute.
EH Bilduko Alba Fatuarte zinegotziak adierazi duenez, udal gobernuak aurkeztutako itunak "ez die erantzuten Bilbok dituen beharrizanei". "Edukirik gabeko dokumentua da" eta, sinadura ekitaldiko argazkiak erakusten duen bezala, "ez dute inolako ahaleginik egin akordioa lortzeko". Besteak beste, gogor kritikatu du Fatuartek "konpromiso politiko bezala saltzea" gizarte langileen kopurua handitzea, "legeak behartzen dituenean kopurua handitzera". Izan ere, "araudiak argi uzten du ratioen azpitik gaudela".
PP ere haserre agertu da. "Lehen minututik" itunaren alde agertu dira popularrak, baina ez "edozein preziotan" sinatzeko prest. Diru-laguntzak ikuskatzeko bulego baten sorrera eta itxaron zerrendak arintzeko konpromisoa itunetik kanpo geratu direla salatu du Fernandez Monroy zinegotziak, eta "makillaje operazio gisa" jo du Itun Soziala.
Hiritarren aurrean "kea saldu nahin ari da" Aburto alkatea "hauteskunde aurreko giroan", Ganemos Goazen Bilbao Francisco Samir Lahdo zinegotziaren iritziz. Bere esanetan, Itun Sozialak "ez du aurrekonturik zehazten, ezta gizarte zerbitzuak hobetzeko beharrezko langileen aurreikuspena egiten".
Itun sozialaren 12 helburuak
1. Udal eskumenekoak diren zerbitzu eta prestazio ekonomikoak lortzea bermatu, babesgabetasun, bazterketa, adineko pertsonen eta larrialdiko egoeren eremutik datozen eskaeretan.
2. Udal Gizarte Zerbitzuak zabaldu Udalak bere gain hartutako arreta ikuspegi edo eredu komunitarioaren arabera, eta profesionalen funtzioak egoki garatzeko beharrezko baldintzak sortu.
3. Zahartze aktiboa sustatu eta horretarako aukera ematen duen hiria eraikitzen aurrera egin.
4. Haur eta nerabeen bizi-baldintzak hobetzen lagundu.
5. Familia eta Haur Politikak sustatu familiei laguntzeko, familia mota ezberdinak aintzat hartuz.
6. Gastu zehatzei –ohikoak edo ez-ohikoak– aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonei arreta eman, gizarte-bazterketa zein estali gabeko pobrezia egoera berriak saihestu, prebenitu edo arintzekobeharrezkoak direnak.
7. Etxerik ez izatearen eta egoitza-bazterketa larriaren egoera estrukturalaren arazoari ausardiaz aurre egin.
8. Indarkeria matxista desagerraraztean aktiboki lagundu.
9. Sozialki kohesionatutako Bilboren aldeko lana sustatu; gora doan gizartearen aniztasunaren balioa aukera moduan kudeatuko du, eta bizikidetza-hiri bezala nabarmenduko da.
10. Udal eremu ezberdinen koordinazioa eta lankidetza hobetu; egungo arazoei aurre egingo die, eta plan honen garapen egokirako eta Udalaren politika ezberdinetan gizarte-politiken transbertsalizaziorako aukera emango du.
11. Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta EUDELekin koordinazioa eta lankidetza finkatu.
12. Itun honen eremuan, Bilboko Udalak gizarte-politikei ematen dien aurrekontua handitu.
46 ekintza
Horiek betetzeko, Bilboko Udalak 46 ekintza garatzeko konpromisoa hartu du, 8 atal nagusitan banatutakoak:
1. Populazio Orokorra: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan eta Zerbitzu Zentraletan profesionalak ugaritzea; Asebetetze inkestak egitea; eta zailtasunak dituzten pertsonentzat dokumentuen izapidetzean aholkuak eta laguntza emateko aukera ematen duten jarduerak garatzea...
2. Adineko pertsonak: Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (EELZ) prestazioen apustua, berrikuntza, ebaluazioa eta hobekuntza jarraitua indartu; Zaintzaileei laguntzeko Udal Zerbitzua indartu, eta horren aldeko apustua egin; Bilbo, Hiri Adiskidetsua Adinekoekin II. Plana garatu, Begirada Aktiboa programa zabaldu...
3. Haurtzaroa eta Familia: babesgabetasun egoeran edo arriskuan dauden adingabekoekin eta familiekin esku hartzeko prozedura berrikusi, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera; eskola eremuan esku-hartze sozioedukatiboa garatu eta sustatu, hezkuntza zentroekin batera; gurasotasun positiboko programak garatu; 2018an Bilbo Hiri Adiskidetsua Haurrekin bezala aitortzeko irizpideak bete, UNICEFek ematen duena, eta Haur eta Nerabeen lehenengo Udal Plana onartu; eta gizarte-larrialdiko egoeretan ostatu plaza berriak sortu, familien beharretara egokitutakoak...
4. Gizarte-bazterketa eta Pobrezia: irizpideak betetzen dituzten pertsona guztiek Gizarte Larrialdiko Laguntzak (GLL) eskuratzea bermatu, eta laguntzak modu egokian kontrolatu; kaleko esku-hartze sozioedukatiboko profesionalen kopurua handitu; udalerrian Etxerik gabeko Pertsonen egungo egoeraren gaineko azterketa egin, eta eguneko arreta zerbitzuetan, gizarte-jantokietan, intentsitate baxukoetan, gaueko ostatu zerbitzuetan, arrisku egoeran dauden pertsonentzat tutelapeko etxebizitzetan edo bazterketa edo arrisku egoeran dauden pertsonei eta egoera hauek saihesteko zuzendutako beste neurri berritzaileetan dauden plaza berrien kopurua baloratu.
5. Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista: auzoetako gizarte eta komunitate eragile berrien sentsibilizazioa eta formazioa, indarkeria matxistako egoerak aurreikusteko; sexu-erasoen aurreanherritarrek 0 tolerantzia jarrera eta konpromisoa izatea sustatu, eta adingabekoekin egiten den esku-hartzea berrikusi eta hobetu, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen biktima bezala ere aitortuak...
6. Bilbo, Kultura Anitzeko Hiria: errefuxiatuen harreraren ardura duten eragileak berrikusi eta hobetu; Zurrumurruen Aurkako estrategia zabaldu; eta Immigrazioaren Tokiko Kontseilua indartu...
7. Sailen arteko eta Erakundeen arteko Koordinazioa: Udal Etxebizitzekin Protokolo bat egin, babesgabetasun edo bazterketa-arazoak sor ditzaketen egoerak modu koordinatuan burutzeko, baitaKoordinazio eta Lantaldeen Protokoloak egin ere, gizarte-politiketan eragina duten udal sailekin; OMICekin kontsumitzaileen eskubideak babesten dituen eta adinekoen kolektiboaren gaineko abusu egoerak aurreikusten dituen protokolo bat egin; eta Osakidetzarekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin kolaborazioa indartu.
8. Itunaren jarraipen eta ebaluazio Batzorde bat sortu, itunaren garapenaren jarraipena egiteko aukera emango duena, horretarako esleitutako aurrekontu eta jarduerak zehazteari dagokionez.