Bilbon, iazko urrian sortu zuten hainbat bilbotarrek Euskaraldia prestatzeko lantaldea. Orduan eman zuten lehen urratsa. Aurrerago, lau taldetan banatu ziren: talde eragilea, auzoak, sektoreak eta komunikazioa. Martxan dira taldeak jada, hazteko gogotsu. Hori dela eta, bilbotarrei parte hartzeko eta auzoetako taldeetara hurbiltzeko dei egin die Iñaki Etxarri Euskaraldiaren Bilboko koordinatzaileak. "Ia auzo guztietan sortu dira lantaldeak", Iñakiren arabera.
Sare sozialak
Informazio eta komunikazio lanak errazteko Bilboko Euskaraldiak sare sozialetara egin du salto. Facebook eta Twitterrera, hain zuzen ere. @facebook.com/Euskaraldia-Bilbo eta @twitter.com/EuskaraldiaB profilen bidez, zabalduko ditu Bilboko deialdiak.
Aurkezpenak eta bilerak
Maiatzean zehar Bilboko auzo desberdinetan Euskaraldiaren berri emateko aurkezpenak egingo dituzte.
Maiatzaren 15ean, Zazpikaleetako auzotarrak Euskaltzaindian (Plaza Barria, 15) batzartuko dira 19:00etan. Euskaraz bizi nahi duten auzoko bizilagun, merkatari, euskara ikasle, tabernari eta eskolako irakasleak gonbidatu dituzte formakuntza saioan parte hartzera, eta denen artean Euskaraldia martxan jartzera.
Maiatzaren 22an, Otxarkoagan aurkezpena egingo dute.
Maiatzaren 25ean, Deustun jaia antolatu dute Gazte Lokalean Euskaraldia bultzatzeko. 21:00etatik aurrera Orbelak eta Ziztada taldearen kontzertua eta DJ saioa izango dira.