Olaizola II eta Altuna III buruz buruko finalean

uriola.eus 2018ko mai. 14a, 12:01

Aimar Olaizolak eta Jokin Altunak jokatuko dute aurtengo buruz buruko finala Miribillako Bizkaia Frontoian. Finala maiatzaren 27an izango da, igandean, arratsaldeko 18:00etan.

Jokin Altunak finalerako txartela eskuratu du asteburu honetan Bizkaia frontoian jokatutako partidan. Beraz, pilotari gaztea pilotaleku berdinean egongo da bi aste barru Aimar Olaizolarekin batera buruz buruko finalean. Ezkurdiak partida ona jokatu du baina Altunak azkenengo momentuan 6 pilotakada atera ditu finaleko txartela eskuratzeko

Partida gogorra eskaini dute Altunak eta Ezkurdiak, baina saria lehenengoarentzako izan da. Neurketaren hasieran Altunak lortu du aurretik jartzea: 8-3 eta 9-6 aurreratu da. Baina, sei tantuko errenta izan duen arren, Ezkurdiak partida berdintzea lortu du, 15na. Eta markagailuan aurretik jarri denean heldu da Jokinen erantzuna.

Izan ere, Amezketako aurrelariak dituen doai guztiak atera ditu une horretan, eta jarraian behar zituen tantu guztiak lortu ditu. Ezkurdiak ezin izan du aurrelariaren erasoa gelditu eta 22-17 gailendu da Altuna markagailuan. 

Miribillako pilotalekua leku berezia izango da pilotari gaztearentzat. Hemen lortu zuen bere lehenengo txapela, pasa den urteko lau t'erdiko txapelketan eta hemen eskuratu du buruz-buruko finala jokatzeko txartela. Finala pilotaleku berdinean ospatuko da eta Jokin Altunak Bizkaia frontoiarekin duen amodioarekin jarraitzeko aukera izango du Aimar Olaizolaren aurka.