Bilbao Kirolaken datorren denboraldiko jardueretan izena emateko epea ireki dute

uriola.eus 2018ko mai. 15a, 09:22

Bilbao Kirolakek hainbat kirol modalitatetako 73 jarduera eskaintzen ditu. Datorren denboraldian zazpi jarduera berri egongo dira. Horien artean: estresaren aurkako teknikak, txikidancea, bungee fita edo aeroboxinga.

Bilboko Udalak gaur, maiatzak 15, hasi eta irailaren 7ra arteko epea zabalduko du Bilbao Kirolaken 2018-2019ko ikastaroetako inskripzioetarako hitzordua eskatzeko epea. Eskaria egiten dutenei zenbaki bat emango zaie Bilboko kiroldegietan eskainiko diren kirol modalitateetan izena emateko hurrenkera erabakiko duen zozketan parte hartzeko.

Abonatu bakoitzak zenbaki bat eska dezake kiroldegi bakoitzerako eta gehienez hiru jarduera aukeratu ditzake kiroldegi bakoitzeko. Hala ere, horrekin zenbaki-eskatzaileak ez du izena emateko konpromisorik hartzen. Bilbao Kirolak-ek ez du ziurtatzen aukeratutako jarduerak egingo direnik. Zenbakia kiroldegietan jarritako salmenta automatikorako dauden makinetan edo www.bilbaokirolak.eus web orrian eska daiteke.

Zozketa Bilbao Kirolak erakundearen bulego nagusietan egingo da, irailaren 10ean. Zozketa bat egingo da kiroldegi bakoitzerako. Zozketa bakoitzean ateratzen den zenbakitik aurrera emango dira hitzorduak. Irailaren 11n zerrendak jarriko dira kiroldegietan, salmentarako makinetan eta www.bilbaokirolak.eus web orrian.

Zozketaren ondorioz bata bestearen osteko hitzorduak dituzten familia-unitateko kideei ez bazaizkie hitzorduak bata bestearen ostean egokitzen, orduan 1. hitzordua hartu eta gainerako kideei hurrenez-hurrenekoak emango zaizkie.

Aurretiazko hitzorduaren bidez, eguna eta ordua erreserbatzen dira ikastaroaren izena eman ahal izateko baina horrek ez du bermatzen ikastaroetan lekurik izango denik.

Irailaren 17tik aurrera hasiko dira kiroldegietako inskripzioak, kiroldegi bakoitzeko salmenta automatikorako makinetan eta www.bilbaokirolak.eus web orrian. Abonatu bakoitzari hitzorduan eman zaizkion egunean eta orduan egin behar du inskripzioa.

Ikastaro berriak

Bilbao Kirolakek hainbat kirol modalitatetako 73 jarduera eskaintzen ditu, ariketa fisikoa egin nahi duten pertsona guztien gustuei eta premiei erantzuteko. Ohiko jarduerez gain, beste zazpi nobedade daude 2018-2019rako:

  • Aeroboxing-a: taldeka eta musikaren erritmoan egiten den jarduera bizia da. Zenbait kirol diziplinaren teknikak erabiltzen dira: boxeo, kickboxing eta taekwondoarena gehienbat. Tentsioa eta estresa husten laguntzen duen jarduera fisikoa; gainera, autodefentsarako teknikak eskaintzen dituena, kontaktuko jarduera izan barik.
  • Ballet Fit-a: ariketa kardiobaskularren, batik bat isometrikoen bidez eta musika protagonista izanik ballet klasikoaren teknika eta fitness-eko ariketak uztartzen dituen kirol diziplina, figura liraina, tonifikatua eta tinkoa lortzeko. Lagungarria da gorputzaren oreka eta jarreraren kontrola, kontzentrazioa eta konexio mentala hobetzeko.
  • Bungee Fit-a: biren, jauzien eta era guztietako akrobazien bidez, indartu egingo duzu zeure gorputza, batez ere hankak eta abdominalak landuta, artikulazioak behartu barik.
  • Strong/ Zumbing indarra: intentsitate handiko zumbing-a, indarra eta erresistentzia organikoa hobetzen eta gorputz osoko muskuluak definitzen eta tonifikatzen dituen musika motibatzailearen erritmoan. Zumbing-aren formarik dinamikoena eta tinkoena da, baliagarria kaloriak azkar erretzeko.
  • Estresaren aurkako teknikak: luzaketen, erlaxazioaren eta arnasketaren bidez estres muskularra kentzeko diseinatutako ariketen programa. Ariketok zenbait gihar-multzo lantzen dituzte. Jarduera hau eginez, gorputzaren osasuna eta osasun mentala hobetzen dira. Adin eta egoera fisiko guztietarako.
  • Tonifikazioa: jarduera honen bitartez muskulu-masa gehitu eta gorputza gogortu eta sendotu egiten dugu, koipea gutxituta, norbere pisuaz baliaturik egin ohi diren ariketekin. Hainbat material erabiltzen dira, hala nola, banda elastikoak, pisuak, uztaiak eta abar, jarduera atseginagoa eta entretenigarriagoa izan dadin.
  • Txikidance-a: jarduera koreografiatu eta musikal ludikoa, 4-6 urteko umeentzat. Zenbait dantza konbinatzen dira, mugikortasuna areagotzeko. Kirol ohiturak lortzeko bizimodu osasungarria txikitatik sustatzeko modu atsegina.

Urrezko aquafitness programari aquafitness nagusiak deituko zaio aurrerantzean, ikastaro bera da baina. Spin Bike Express-a ere eskainiko da, Spin Bike mota bat da, biziagoa, 30 minutuko saioetan egiteko. Running jarduera eskainiko da berriro.

Lotura honetan ikus daiteke ikastaroen eskaintza osoa: www.bilbaokirolak.eus.