"Sarraski berri bat", Israelgo estatuaren 70. urteurrenean

uriola.eus 2018ko mai. 15a, 09:33

Israelgo estatuaren jaiotzaren eta palestinarren exodoaren eta nakba-ren (hondamendia, arabieraz) 70. urteurrenaren bezperan, Israelgo armadak 55 bat palestinar hil eta 2.700 inguru zauritu ditu, AEBek bere enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera lekualdatu duen egunean. Atzoko "sarraskia" salatzeko hainbat gizarte eragilek elkarretaratzea deitu dute arratsaldean Areatzan.  

Israelgo estatua sortu zela 70 urte bete dira, eta urteurrenarekin bat eginez inauguratu dute Israelgo AEBen enbaxada berria, Tel Aviven zeukatena Jesuralemera lekualdatuz. Aldaketaren kontra protestan atera dira milaka palestinar, eta Israelgo armadak hauen kontra egin du hegoaldeko Jan Yunis herrian.

Gertakizun larriok ez dute aldarazi Washingtongo agintarien plana eta agindu bezala gauzatu dira beren enbaxada Jerusalemen irekitzeko protokolozko ekitaldiak.

Joan den martxoaren 30ean palestinar errefuxiatuen etxera itzultzeko eskubidea aldarrikatzen duen Itzuleraren Martxa Handia hasi zenetik, Israelek hildako palestinarren kopurua gorako joan da, baina atzoko egunak nabarmenki puztu du zifra. Israelek esan du muga babesteko egin dutela tiro, eta armadak paskinak ere jaurti ditu palestinarrei mugara ez hurbiltzeko ohartaraziz eta segurtasuna arriskuan jartzen duen edonorren kontra egingo dutela adieraziz. Israelgo Hezkuntza ministro Naftali Bennettek adierazi du mugara gerturatzen den edozein terroristatzat jo dutela.

 

Boikota, salaketa eta jarduerak

"Sarraski berri bat" da atzo Gazan gertatua Askapena elkartearen arabera. Israelgo armadak 55 palestinar erail ditu, sei adingabeak izanik. Zaurituak 2.771 izan dira. 130 egoera kritikoan daude. Gaur, Nakba egunaren 70. urteurrean, "borrokarako eguna izango da". Besteak beste, palestinarren artean greba orokorra deitu dute, eta mundu osoari "Israelgo estatu sionista eta hiltzaileari boikota" egiteko mezua zabaldu dute. 

Gaur, hilak 15, "Palestinaren okupazio sionistaren 70. urteurrenean", elkarretaratzea egingo dute BDZ, Askapena, Komite Intenazionalistak eta beste hainbat gizarte eragilek 20:00etan Areatzan.

Bihar, asteazkena, Ocupación 101 dokumentala proiektatuko dute Xake espazioan, ostiralean 70 años de Nakba, ¿hoy qué? hitzaldia antolatu dute eta larunbatean Palestinaren aldeko jaia Zazpi Katu gaztetxean. Hiru hitzorduak 19:00etan hasiko dira.