“Bilbon ez dago LGTBIfobiarentzako lekurik”

uriola.eus 2018ko mai. 16a, 11:45

Bihar, maiatzak 17, Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Udalak erakunde-kanpaina berri bat antolatuko du.

Kanpainaren lema hau izango da: “Bilbon ez dago LGTBIfobiarentzako lekurik”. Udalaren helburua eta nahia Bilbo diskriminaziorik eta indarkeriarik gabeko hiri gisa sendotzea da (hiri osoa, auzo eta kale bat ere kanpo utzi gabe), hau da, errespetua nagusitzea eta berdintasuna benetakoa, normalizatua eta aurreiritzirik gabea izatea.

Alde horretatik, udal-politiken asmoa da hiriko biztanleak eta hirira lanera edo bisitan etortzen diren guztiak seguru eta aske ibil eta senti daitezen eta errespeta ditzaten ziurtatzea, bizitzako arlo guztietan. Helburu hori lortze aldera, urte osoan, berdintasuna, LGTBIQ+ kolektiboa agerian jartzea eta sexu-orientazioagatiko eta genero-adierazpenagatiko diskriminazioa errotik kentzea sustatuko dute.

Zinegotzi guztiak hartzen dituen zeharkako lan-ildo bat da, guztiek parte hartzen baitute LGTBIQ+ eskubideak ezagutzera emateko eta defendatzeko eta jendea sentsibilizatzeko ekimenetan. Herritarrek, agente nagusi gisa, modu aktiboan parte hartzen dute lan horretan, sexu-aniztasuna eta genero-adierazpena erabat onar ditzagun. Alde horretatik, Udalak bilbotarrei dei egin die jarrera plurala dutela adierazten jarraitzeko eta pertsona guztien eskubideak sustatzeko, sexu-orientazioa, genero-nortasuna eta sexua edozein direla.

Bilbo Balioen Hiria dela adierazi dute Udaleko bozeramaileek eta hiriaren garapenaren eragileak dira, besteak beste, dibertsitatea, elkartasuna eta berdintasuna. Horregatik, ez dituzte onartuko gayen, lesbianen, bisexualen, transexualen eta intersexualen kontrako gorrotoan oinarrituta dauden eta gizarteak baimentzen dituen indarkeria-adierazpenak. Hori, kontuan hartuta, beti, LGTBIQ+ kolektibo guztien eskubideak, sexualitatearen eta generoaren adierazpen-askatasunari dagozkionak, funtsezkoak direla giza eskubideak gauzatzeko.

Aurrerapauso handiak eman dituzten arren, LGTBIQ+ kolektiboek askotariko diskriminazioa eta indarkeria jasaten dituztela aitortu dute. Egoera larri horren aurrean, Udalak, diskriminazioa eta desparekotasuna errotik kentzeko asmoarekin, gainerako instituzioekin, Bilbon lan egiten duten LGTBIQ+ erakundeekin eta, orokorrean, herritarrekin batera lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du, Bilbo aniztasunaren hiri bihurtzearen aldeko apustuari eusteko.

Bilbok abagunea aprobetxatu nahi du herritarrei gogoratzeko duela 28 urte, hain justu, 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuela. Horregatik erabaki zuten egun hori homofobiaren, lesbofobiaren, bifobiaren, transfobiaren eta intersexfobiaren kontrako nazioarteko eguna izan zedin. Eta bihar, Bilbon Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Udalak erakunde-kanpaina berri bat hasiko da.