Dena emateko prest

uriola.eus 2018ko mai. 16a, 12:54

"Errodajea" eginda helduko da ostiralean Doctor Deseo Kafe Antzokira, bai ostiralerako bai larunbaterako sarrera guztiak agortuta daudela. Ardura, presioa eta irrika sentitzen dute taldekideek "etxeko" bi kontzertuen atarian. 

Intentsitate handiarekin eman zioten hasiera Durangoko Plateruenan, aretoa lepo beteta, La fuerza de la fragilidad (Baga Biga, 2018) lan berria aurkezteko birari. Ostean, Santanderren 100 lagunen aurrean jo zuten, inoiz baino entzule gehiago erakarriz. Bai, 100 lagunekoa da taldearen marka onena Santanderren. Ez du arrakastarik Doctor Deseok Kantabrian, gaztelaniaz abestuta ere. Hedabideen babesa falta dutela aipatu du Josi Jimenez taldeko baxu-jotzaileak. Eskerrak hurrengo, Donostian, arantza atera zuten. Gipuzkoan, berriz, oso maitatuak sentitzen dira.

Durango-Santander-Donostia ibilbidea osatuta iritsiko da desira taldea Bilboko Kafe Antzokira ostegunean eta ostiralean, sarrera guztiak bi egunetarako agortuta daudela. "Errodajea eginda", Josiren hitzetan. "Etxean" jotzeak ardura eta presioa sortzen badie ere, irrikaz daude "dugun dena emateko". 

La fuerza de la fragilidad-en zuzenekoan "soinu ona eta argiztapen polita" aurkituko ditu zaleak. Pozik dago baxu-jotzailea hautatutako errepertorioarekin. Asmatu dute doinu intimoak, elekrikoak eta dantzagarriak modu progresiboan uztartzen. Are pozago dago 30 urteko ibilbidea duen taldea entzule gazteak konektatzeko eta kontzertuetara erakartzeko gai dela ikusita. 

Behetik hasita, bide luzea eta anitza egin du Doctor Deseok. Gora eta gorako bidea izan da, pribilegiodun sentitzerainokoa. Itxaropenik ez dute galdu Josi, Francis eta besteek. Eta egiteko duten bidean inspirazioa ez agortzea espero dute. 

 

[2018-04-12] Hauskortasunetik irteten den indarra dantzagarri egin du Doctor Deseok