Pentsionistek kaleak beteko dituzte berriro. Gaur, astelehen guztietan bezala, Bilboko Udaletxearen aurrean bildu dira eguerdi partean. Ohikoa bihurtzen ari den bezala, udaletxe aurreko plaza bete dute berriro beraien eskakizunak aldarrikatuz.
Horrez gain, larunbat honetan, beste manifestazio bat antolatu dute. Martxoaren 17an egin zuten bezala, kaleak bete nahi dituzte, eta euren aldarrikapenekin jarraitzen dutela argi utzi nahi dute. Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da Jesusen Bihotza plazatik eta Kale Nagusia betetzea nahi dute. Ibilibidea Udaletxearen aurrean bukatuko da, astelehenetan biltzen diren lekuan.
Martxoan egin zuten manifestazioan 100.000 pertsona inguru bildu ziren.Hori errepikatzea nahi dute eta jendea, langileak, eta nahi duten pertsona orok beraiekin bat egitea eskatu dute. Horrez gain, Pentsionistak Martxan plataformako emakumeek honako komunikatua plazaratu dute, beraiek gaur egun duten egoera nolakoa den azaltzeko:
Euskal Herriko pentsiodunen plataformetako kide garen emakumeok,salatu nahi ditugu Sistema honek eragiten digun zapalkuntza eta bazterketa. Ikusezinak bihurtzen gaituen Sistema. Egiten dugun lana onartzen ez duena, teorian onartuta dauden eskubideak, egiaz erabiltzen uzten ez digun Sistema.
Gutariko asko eta askok, ez dugu aukerarik izan aintzat hartutako lan batean aritzeko. Bizitza osoan egin dugu lan etxean eta etxetik kanpo. Herri honen aberastasunaren %50 guri esker lortzen da, bainan lan hau ez da aintzat hartzen, ez da baloratzen ez da zenbatzen. Betebeharrak sortzen ditu bainan eskubiderik ez. Gure lana nahita nahiezkoa da Sistema hau mantentzeko, baina Sistema berberak ez digu biderik uzten pentsio duina izandezagun.
Alarguntzako pentsioa jasotzeko eskubidea onartzen digute, baina ez da eskubide propioa, Bikoteak kotizatutakoaren araberako eskubidea da. Bikoteak jasotzen zuenaren parte bat soilik jasotzen dugu eta ez eskontzea erabaki dugunok zer? eta orain arte ezkontzea debekatu zaienei, soilik, heterosexualen eskubidea zelakoaren aitzakiarekin,Zer?
Lanpostu batean lan egin duten emakumeei, bai, onartzen zaie jubilazio pentsioa. Bainan hauen pentsioa, gizonena baino %70 baxuagoa da. Erreza da ulertzea zergatia, baldintza okerragotan egiten dugu lan eta soldatak baxuagoak dira. Gure bizitzan zehar behin baino gehiagotan utzi behar izaten diogu kotizatzeari, etxeko lan eta zaintzak egiteko. Gure lanpostuak okerragoak dira, beraz gutxiago kotizatzen dugu.
Baserrietako emakumeak bizitza osoan lanean jarraitu behar dute, PAEko osagarriak jaso ahal izateko eta pentsio miserableak zerbaitigotzeko
Pentsioen Sistema Publikoa beti izan da injustua. Pentsiodunok, betidanik salatu dugu, baita mugimendu feministak ere. Pentsio Sistema hobetzen saiatu ordez, hiltzen uzten ari dira, eta ondorioz, gure egoera okertzen doa. Espainiako gobernu guztiak eta Toledoko itunak, Pentsioen Sistema ezabatzen ari dira eta guzti hori espekulatzaileei interesatzen zaien pentsio pribatuen plangintzen mesederako. Datuak arrazoia ematen digute, izan ere, 2018an emakume guztiok ez daukagu aintzat hartuta, pentsioa jasotzeko eskubidea. Soldatapeko lana lortu ez dutenak ikusezinak dira pentsio sistemarentzat. Beraien bikoteen menpe jarraituko dute edo agian beraien lurretatik bizi beharko dute. Lanpostu prekarioa lortu dutenek ez daukate bizitza duin bat izateko modurik. Azken urtehotan lan merkatuan sartu diren emakume gazteek, ezin izango dute azken urteeako erreformek ezarritako baldintzei aurre egin.
Ez gara ari zenbakietaz, diru sarreraz, banku kontuetaz. Bizitza duina izateaz ari gara. Oinarrizko zerbitzuak izateko aukeraz ari gara.Aisialdiaz gozatzeko aukeraz ari gar.
Hainbeste urtetan besteetaz arduratu ondoren, gutaz ere arduratu ahal izateaz ari gara. Ez dago jubilazio duina, pentsio duinik gabe. Miseriazko pentsioekin bizitzeak, etxe desegokian bizitzea dakar, pobrezia energetikoa, sendagaiak lortzeko zailasunak izatea, elikadura exkaxa. Askotan,bakardadea.
Aspertuta gaude, gizarteak gure lanari ematen dion onespen exkaxaz. Kokotaraino gaude ikusezinak bihurtzen gaituen sistema honetaz, jakinik behar gaituela eta aldi berean, bizitza duina eta pentsio duina jasotzeko eskubidea ukatzen digula ikusten dugulako. Nazkatuta gaude ikusezintasun horrek, egunero diskriminatzen gaituelako, eraso egiten gaituelako eta bigarren mailako pertsoan bihurtzen gaituelako. Gure lana oinarrizkoa izan da eta da, bizitzaren sostengarritasunerako eta aintzat hartua izan dadin exijitzen dugu.
Bizitza duinarako eskubidea dugu, baita nagusi egiten garenean. Zainduak izan gaitezen eta zaintzaileak ez izateko eskubidea daukagu. Merezitako bizitza izan dezagun, behar ditugun pentsioak jasotzea exijitzen dugu.
Ozenki aldarrikatzen dugu: Arazoa Sistema bera da, arazoa ez dira gure pentsioak. Horregatik aldarrikatzendugu:
- Gure lan-egoera dena delarik, emakume guztientzat, pentsio duina jasotzeko eskubide subjektiboarenunibertsaltasuna.
- 2011 eta 2013ko pentsioen erreformak eta lan baldintzak prekarizatzen dituzten erreformak, bertan behera, uztea.
- Diru publikoz ordaindurik, gure lana eta bizitza uztartzeko modua bermatuko duten zaintza eta babes zerbitzu publiko sarea sortzea.
- Kalitatezko lanpostuak sortuko dituen politika eraginkorrak sortzea eta horrekin batera lanpostuak ugaritzeko, eta lan kalitatea hobetzeko, lanordu kopurua jaistea.
- Pobrezia gainditzearren, 1.080€ko gutxieneko pentsioa eta 1.200€ko gutxiengo soldata exijitzenditugu.
- Euskal Instituzioei exijitzen diegu, eskubide hauek legez berma ditzaten eta hemen eta orain Pentsioen Sistema Publiko eraginkorra izan dezagun, hartu beharreko neurriak har ditzaten.
Dei berezia egiten diogu, enplegutik baztertua eta gaizki ulertutako “etxeko lanak” egitera bultzatua izan den eta den emakume orori, Euskal Herriko hirietako kaleetara irten eta eskubidedun pertsonak garela oihu egitera. Ikus gaitzaten, ahaleginak egingo ditugu eta nahi ala ez, pentsio duina jasotzeko eskubidea eta gure lanaren balioa onartu beharko dizkigute.