Hondakin organikoak birziklatzeko informazio-kanpaina bere azkenera iritsi da 5. barrutian, harrera zabala izan eta gero, eta orain 6. barrutian izango da maiatzaren 31ra arte. Jende anitz hurbildu izan da informazioa jasotzera kanpaina kalean izan den 15 egunetan, bai puntu mugikorretan bai barrutietako udaltegietako puntu finkoetan, eta 3.885 familiak izena eman dute edukiontzi marroia erabiltzen hasteko.
Infomazio-kanpaina kalean egongo da 6. barrutiko 20 puntu ibiltaritan (plazak, kaleak eta jendea ibiltzen den tokiak) banatuta maiatzaren 31ra arte, eta puntu finko bat ere izango da Abandoko Barrutiko Udaltegian (Elkano kalea, 20-22 zk.) Toki horretan, hain zuzen, hitzaldi batzuk emango dira maiatzaren 25ean, arratsalde osoan (orduro hasiko dira 16:00etatik 20:00etara bitarteko ordu tartean), gai organikoa nola birziklatzen den ezagutzeko interesa duten eremuko guztiei horren berri emateko.
Bilbo osora zabalduko da edukiontzi marroiaren erabilpena. Hondakin organikoak birziklatzeko edukiontzi berriak jartzen ari dira horretarako, halakorik ez zuten barrutietan (5., 6., 7. eta 8. barrutiak). Edukiontzi berriek egungoek baino edukiera handiagoa dute (1.100 litro izatetik 1.800 izatera pasatzen dira) eta sofistikatuagoak dira, txipa duten txartel batez irekitzen baitira egungo giltzaren ordez. Edukiontzi marroiak orain arte ez zuten auzoetan jarri ondoren egungoak (373 edukiontzi) aldatzeari ekingo zaio, eta birziklatze-puntu gehiago ere jarriko dira hainbat eremutan. Guztira 1.500 edukiontzi marroi berri jarriko dira kalean hemendik urte amaiera bitartean, eta edukiontziko 260 biztanleko ratiora helduko da.
Zer bota daiteke
Etxean sortzen diren landare jatorriko jaki kozinatuen zein gordinen hondakinak birziklatzeko bota daitezke edukiontzi marroietan, hala nola:
- Fruta, barazki, lekale, ortuari, pasta, arroz, ogi, gaileta eta opilen hondakinak, eta fruta-hezur, lore- eta landare-hondakinak, alpistea, ortuko hondakinak, belarra eta inausketen hondakin zatikatuak.
- Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak, kartoizko arrautza-ontzi eta uhin-kartoi zikinak (garbi egonez gero, papera eta kartoia biltzeko edukiontzi urdinean bota behar dira).
- Kafe-hondar eta -iragazkiak, infusio-poltsatxo eta -hondarrak.
- Fruitu lehorren azalak.
- Kortxozko tapoiak.
Zer ez da bota behar
- Haragi-, arrain- eta itsaski-hondarrak.
- Olioa edo edozein likido.
- Zigarrokinak eta hautsontzietako hondakinak.
- Fardelak, konpresak, gorotzak.
- Xurgagailuko edo inarra pasatutakoan bildutako hondarrak.
- Konposta egiteko balio ez duen materiala: beira, plastikoa, metala, brik-a,… Arrautza-azalak, gazta, etxeko animalien janaria.
- Plastikozko tapoiak, erretxinak.
- Loreontzietako lurra nahiz turba.
- Kontuz! Gai organikoa ezin da bota plastikozko poltsetan edukiontzira. Konposta egiteko balio duten poltsak baino ez dira erabili behar.