Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kiroleko zinegotziarekin eta Iñigo Pombo Gizarte Ekintzako zinegotziarekin batera, harrera egin die Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan, gaur goizean, Bidaideak Bilbao BSR taldeko ordezkariei. Hauek udaletik 2017-2018 denboraldian jasotako laguntza eskertu diote.
Bilboko Udalak abaguneaz baliatu da kirol egokitua bultzatzeko udalak duen konpromisoa berresteko. Juan Mari Aburtok esan duenez: “dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat kirol egitea bizimodu osasungarri eta aktiboa edukitzeko baliagarria izateaz gain, gizarteratzeko tresna ere bada”. Eta hauxe ere gaineratu du: “kirol egokituak gure gizarteko funtsezko balioak sustatzea ahalbidetzen du, hala nola, berdintasuna eta inklusioa, esfortzua, adiskidetasuna, irmotasuna, gizarteratzea eta hobetzea”.
Aurten talde bilbotarrak denboraldi ona egin du: hirugarren gelditu da ligan eta txapeldunorde Eurolegue 2018an. Europako azken lehiaketa honek Bilbo aukeratu zuen azken faseko egoitza izateko. Horrela, saskibaloi egokitutako zaleek apirilaren 27an, 28an eta 29an Txurdinagako udal kiroldegira joan baziren, nazioarteko mailarik gorenean kirol modalitate horretaz gozatzeko aukera izan zuten. Bidaideak BSR Bilbao taldeak Galatasarayren kontra jokatu zuen finala; eta turkiarrek alde txiki-txikiagatik irabazi zuten, puntu birengatik bakarrik.