ELA sindikatuak salatu du lan-esplotazioko egoera horren jatorria lizitazio publiko bat dela. Argitu dutenez, administrazioak zerbitzuak lizitatzean daraman prozeduraren ondorioz soldatak gainbehera bizian jaisten dira, benetako lan-esplotazioko atariraino iritsi arte. ELA sindikatuak berak gatazka kolektiboko demandak jarri ditu, Bizkaiko Esku-hartze Sozialaren Hitzarmena aplikatzeko eskatuz, baina judizioaren zain jarraitzen dute. Langileek hitzarmen hori dagokiela adierazi dute.
Bertan, 20 langile inguru daude lan hori aurrera eramaten. Sindikatuak Azkuna Zentroko Mediatekan lan egiten dutenen prekarietate-egoera hori konpontzeko oinarriak berehala ezarri behar direla eskatu du: "batetik, langile horiek egonkortasuna behar dute, eta bestetik, hurrengo lizitaziorako baldintza-orria datozen egunetan prestatu behar delako. Baina, oraingoz, Azkuna Zentroko Zuzendaritzak ez du egoera konpontzeko borondaterik agertu."
Gauzak horrela, Mediatekako enpresa azpikontratatuetako langileek greba mugagabera deitu dute, lanpostuen egonkortasunaren alde, eta lan-baldintzak hobetzearen alde. Aipaturiko greba bihar hasiko da, maiatzaren 30ean. Langileek grebak sortu dezakeen eragozpenak barkatzeko eskatu diete Mediatekako erabiltzaileei.