Bilboko euskalgintzak urteak, hamarkadak daramatza lanean, nahiko barreiatuta. 2015. urte amaieran indarrak batzea eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ekintzak antolatzea erabaki zuten hainbat lagunek. Euskaraldiaren berri izan bezain pronto egin zuen lantaldeak bat proiektuarekin, eta hurrengo hilabeteetan dinamika eta prozedua hau aurrera eramateko elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu du. Lantaldeko kideek badakite Euskaraldiak ez duela euskararen salbazioa ekarriko, baina "euskaldunen hizkuntza ohiturak ulertzen lagunduko du, baita, gero, ondorio batzuk ateratzen ere, eta aurrerantzeko ekinbidea erabakitzen lagunduko du, euskararen normalizazioare, bidean".
Euskaltzaleen Topaguneak abiarazi du Euskaraldia, erakunde publikoen babesarekin, eta bidelagun askoren parte-hartzearekin. "Herritarrongandik eta herriarentzat sortutako prozesu honetan auzo batzordeak dira oinarria", Mikel kidearen hitzetan. Bilboko auzoetan zabaldu diren 12 batzordeek jarri dute "oinarri sendoa". Bide horretan auzoetan euskalgintza indartzeko lehen pausoak eman dira dagoeneko. Abusu, Zazpikaleak, Deustu, Errekalde, Uribarri, Santutxu, Basurtu, Irala, Zorrotza, Otxarkoaga... Bilboko auzoak elkarlanean ari dira Euskaraldia "modu eraginkorrean" aurrera ateratzeko. "Ilusioz eta lanerako gogoz" ari dira, auzoetatik Bilbo osoan eragiteko: "Elkarlana, saretazea eta nork bere inguru naturalean eragitea ezinbestekoa da ahalik eta hiritar gehiengora heltzeko Udazkenean euskarak Bilboko kaleak eta plazak hartzeko".
Eragin esparru desberdinetara heltzeko hainbat sektoretako eragileak izan ditu Euskaraldiak lagun: hizkuntza eragileak, hezkuntza eragileak, enpresak, Bilboko Konpartsak, euskaltegiak, aisialdi taldeak, merkatariak zein tabernariak... eta Bilboko Udalaren babesak ere Bilbo osora heltzeko laguntza emango du.
Juan Mari Aburto alkateak agerraldian adierazi duenez, euskaraz ondo eta nahiko ondo dakitenak Bilboko biztanleen ia erdia dira, "baina ez dugu konformatu behar" kopuru horrekin. "Komunikatzeko lehen hizkuntza euskara izatea lortu behar dugu".