Bilboko Udalak herritarrek egindako 346 proposamen jaso ditu 2019ko udal aurrekontuetan sartzeko. Bilbotarrek ideia horien ekarpena parte-hartze bidezko aurrekontuen markoan egin dituzte. Proposamen guztiak www.bilbao.eus webgunean ikus daitezke, haien izenburu eta laburpen txiki batekin.
Parte-hartze bidezko aurrekontuaren hirugarren edizio honetan jasotako proposamenen kopurua % 20,5 hazi da. Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotziak, ildo horretatik, harrera ona azpimarratu du eta hauxe esan du: “herritarrek parte hartzeko proiektu hau sendotzen ari da. Herritarrek, aurten ere, udalaren kudeaketan laguntzeko borondatea agertu dute, bilbotar guztien bizimoduaren kalitatea hobetzeko proposamenak eginez. Zaldunbidek hauxe gaineratu du: “ekimen honi esker, udalak aurrera egiten du herritarrei udalaren kudeaketa hurbiltzeko helburua lortzeko”.
Aztertzeko fasea
Orain udaleko sailek jasotako proposamenen edukia eta bideragarritasuna aztertu behar dute, ikusmolde juridikotik eta teknikotik. Proposamen bakoitzeko ustezko kostu ekonomikoa ere kalkulatuko dute. Guztira, gehienez, 500.000 euroko gastua izango da; hau da, parte-hartze bidezko aurrekontuetarako esleitutako 2 milioi euroko kopuruaren % 25 izango da gehienez guztizko kostua.
Udaleko sailek proposamen batzuk lehenetsiko dituzte eta horiek jasoko ditu 2019ko udal aurrekontuaren proiektuak. Proposamenok www.bilbao.eus webgunean argitaratuko dira.
Eremuak
Jasotako 346 proposamenetatik bakarra kendu behar izan da eduki iraingarria izan duelako, beste guztiak sailek aztertuko dituzte. Aurkeztutako proposamenetan, era askotako gaiak ageri dira, udaleko sail gehienei dagozkien gaien inguruko proposamenak aurkeztu baitira. Proposamen gehienak ekipamenduei (% 39,3), irisgarritasunari (% 12,4), mugikortasunari (% 11,8) eta hiri garapenari (% 9,25) dagozkie.
Jarduketak zein barrutiri dagozkion erreparatuz gero, gehienak uri osoari dagozkio (% 26,30) eta barrutietan proposamen gehien jaso dituena Ibaiondo izan da (% 21,97).
Banaka egindako eskaerak ugariagoak izan dira erakundeek edo elkarteek egindakoak baino; eta gehiago izan dira modu digitalean aurkeztutakoak aurrez aurre aurkeztutakoak baino. Sexuari erreparatuta, emakumezkoek gizonezkoek baino eskaera gehiago egin dituzte.