'Tonbola 0.0' programa eraso sexisten markagailua hutsean uzteko

uriola.eus 2018ko eka. 6a, 12:21

Eraso sexistez sentsibilizatzeko programa lehenengoz Aste Nagusirako izan zen, baina Bilboko auzoetako jaietara eta jende asko biltzen dituzten Bilbao BBK Live bezalako ekitaldietara ere zabaldu da azken urteotan. 

Indarkeria matxistaren aurkako borrokan aurrera egiteko eta jaietan eraso sexistei aurrea hartzeko Tonbola 0.0 – 0 eraso 0 ezberdintasun programa aurkeztu dute; jai-giroan sentsibilizazio-kanpaina baten eskutik egiten du aurrera, herritarren konplizitatea eta partaidetza bilatuz.

Iaz bezala, 2018an Bilboko hamabi auzotan izango da programa. 2016an izandako esperientzia aurrendari batean dago oinarrituta eta izandako harrera ona eta partaidetza direla-eta dagoeneko finkatuta dago programa. Jai-giroan errespetu eta askatasunaren mezua botata, gizarte-eragile guztiak inplikatzea da kanpaina honen helburua.

Eraso sexistez sentsibilizatzeko eta horiei aurrea hartzeko udalaren programaren barruan dago ekimen hau eta hasiera batean Aste Nagusirako izan zen, baina Bilboko auzoetako jaietara zabaldu da. Horretarako Bilboko Udalak Bilboko Konpartsak elkartearen eta jaietako batzordeen laguntza izan du. Deustuko, Santutxuko, Errekaldeko, Zurbaranbarriko, Otxarkoagako, Txurdinagako, Basurtuko, Zorrotzako, Uribarriko, Zazpi Kaleetako, Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalako, eta Bilboren erdialdeko ostalaritzako eta dendarien elkarte ugari inplikatu dira kanpainetan eta berdintasunaren aldeko eragile aktibo bihurtu dira.

Tonbola berezia

Tonbola 0.0” oso berezia da. Horretan hiru emakumezko feriante barregarri jendearekin jardungo dira eta eguneroko bizimoduko eta jaietako egoerak landuko dituzte, ikusleak partaide eginez. Berdintasunaren edukia du emanaldiak, baina, batez ere, umorez beteta dago eta familia eta lana uztartzea, harreman afektibo-sexualak, rolak eta estereotipoak, mikromatxismoak eta indarkeria sinbolikoa landuko dituzte.

Antzerki-joko sozial honetan parte hartzeko zenbait proba daude: poligrafoa, latei tiroa, zita itsu-itsuan, musikaren proba eta esaera zaharrena. Gizonak eta emakumeak, familiak, umeak eta lagun-taldeak inplikatzea da kontua, horiei edozein motatako erasoak eta ezberdintasun-zeinuak identifikatzen laguntzeko. Horrela gai izango dira eraso sexistak ekiditeko, eta horiekiko tolerantziarik, onarpenik zein konplizitaterik ez izateko.

Eraso sexisten markagailua hutsean uztea da lortu beharrekoa. Horretarako kanpainan laguntzen dute auzoetako jaietako batzordeak. Jai ekitatiboak, partaidetzan oinarrituak eta inklusiboak sustatzea da kanpainaren helburua, umorea eta ironia pizgarriak izanik herritarren kontzientziak itzartzeko. “Tonbola 0.0” 12 auzoetara helduko da apiriletik irailera bitartean:

  • 1. Barrutia: Elorrieta/San Ignazio.
  • 2. Barrutia: Zurbaranbarri/Uribarri
  • 3. Barrutia: Otxarkoaga
  • 5. Barrutia: Atxuri/Abusu/Bilbo Zaharra
  • 8. Barrutia: Olabeaga/Basurtu/Zorrotza/Altamira