Mediatekako langileek elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean

uriola.eus 2018ko eka. 7a, 11:39

Greba mugagabea hasi zuten maiatzaren 31n Azkuna Zentroko mediatekako langileek. Gaur goizean udaletxearen aurrean bildu dira protesta egiteko eta beraien egoera berdin jarraitzen duela salatzeko. 

Azkuna Zentroko Mediatekako langileek greba mugagabea egitea adostu zuten maiatzaren 31n. Izan ere, Mediatekan enpresa azpikontratatuen bidez lan egiten duten langileak 6 urtez baino gehiagoz egon dira benetako lan-prekarietatearen egoera batean.
 

ELA sindikatuak salatu du lan-esplotazioko egoera horren jatorria lizitazio publiko bat dela. Argitu dutenez, administrazioak zerbitzuak lizitatzean daraman prozeduraren ondorioz soldatak gainbehera bizian jaisten dira, benetako lan-esplotazioko atariraino iritsi arte. ELA sindikatuak berak gatazka kolektiboko demandak jarri ditu, Bizkaiko Esku-hartze Sozialaren Hitzarmena aplikatzeko eskatuz, baina judizioaren zain jarraitzen dute. Langileek hitzarmen hori dagokiela adierazi dute.

Egoera berdin jarraitzen duenez, eta aurrerapauso nabarmenik gabe jarraitzen dutenez, gaur Mediatekako enpresa azpikontratatuetako langileek greba mugagabea udaletxeko atarira eraman dute, eta eskaileren aurrean elkarretaratzea egin dute diru publikoarekin prekarietatea ezin dela sustatu salatzeko.