Gemman Sangines izan da lehena hitza hartzen. San Inaziokoa psikologoa da eta, besteak beste, estres linguistikoari aurre egiteko TELP tailerra diseinatu du. “Zama handia jartzen dugu euskal hiztunen gainean, eta horiek sarri txarto sentitzen dira”. Estres linguistikoa arintzeko tresnak eta baliabideak sortzea funtsezkotzat jotzen du psikologoak. Besteak beste, euskaraz komunikatzeko gaitasuna dutenek txapa bana soinean eramatea “nekea murrizteko” modua da bere esanetan.
Esparru erosoak sortzeko Sanginesek pistak eman dizkie bertaratuei, euskaraz egiterakoan "eroso senti gaitezen denok". Asertibo izatearen abaintailak azpimarratu ditu, eta erdaldunaren aurrean “gure eskubideak lasaitasunez eta segurtasunez azaltzea” aholkatu die Euskaltzaindiako areto nagusia ia bete duten 60 lagunei.
Eroso sentitzean, euskal hiztunak oztopo gabe mintzatuko dira espazio desberdinetan. Euskaraldiak horixe lortu behar du: “Hiztun kopuru handi bat espazio linguistiko desberdinetan eroso sentitzea”. Erronka hori “iraultzarekin” parekatu du psikologoak.
Ostean, Pello Jauregiren txanda heldu da. Pasaitarra soziolinguista, ikerlaria eta EHUko irakaslea da. Baita lan esparruan euskara sustatzeko erabiltzen den Eusle metodoaren sortzailea ere. Ahobizi eta Belarriprest figurek asko dute Eusle metodotik, izan ere bertatik jaso dira herri mailara egokitzeko.
Jauregi Belarripresten inguruan aritu da. Zailtasunak ei daude Belarriprestak lortzeko, eta horien funtzioaren garrantzia azaltzeko hainbat gako eman ditu. Esate baterako, Belarriprestek ahalbidetuko dute Ahobiziek euskaraz egitea, hain zuzen ere, “euskararen armairutik irtengo direnei” harrera abegikorra egingo diete.
Era berean, Jauregik azpimarratu du figura aukeraketa ez dagoela gaitasunarekin lotuta; baizik eta konpromisoarekin. “Euskaldun guztiekin euskaraz egin nahi duenak Ahobizi dauka eta nahi ez duenak Belarriprest”. Bere berbetan, figura biak elkarren osagarri dira, eta ogi batekin konparatu ditu: “Belarriprestak orea dira eta Ahobiziak legamia, forma ematen dutenak”. Izan ere, Ahobiziak konpromiso handiagoa hartu arren, Belarriprestak giltzarri izango dira, euskaldunei euskaraz egiteko aukera eskainiko baitiete. Helburua “denok batera nonahi euskarari eremu homogeneoa ematea da”. Euskarari “izaera masiboa” emateko.