Euskaraldia

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkateek bat egin dute Euskaraldiarekin

uriola.eus 2018ko eka. 13a, 11:38

Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak, Gorka Urtaranek eta Joseba Asironek aldarrikatu dutenez, hiriek protagonista izan behar dute hiztunen aktibazioan. Momentu honetan 350 udalerrik egin dute bat Euskaraldiarekin.

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkateek Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz ekimenaren aldeko beren hiriburuen atxikimendua agertu dute eta, era berean, haien apustua nabarmendu dute hiriburuak protagonista izan daitezen euskararen erabilera sustatzeko bidean. Donostiako Miramar Jauregian izandako ekitaldi batean, Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak, Gorka Urtaranek eta Joseba Asironek azpimarratu dute Euskaraldia lagungarria izango dela hiriburuek erabilera sustatzeko eta hiztunak aktibatzeko egiten duten lana irmotzeko. “Hiriburuek, euskararen lurraldeetako hirigune nagusiek, gune eroso eta abegikorrak izan behar dute euskararen erabilera bultzatzeko bidean. Euskaraldia ekimena oso lagungarria izango da norabide horretan”, adierazi dute.

Euskaraldia abian jartzeko bost hilabete baino zertxobait gehiago falta denean, alkateek azpimarratu nahi izan dute hiriburuen garrantzia euskara sustatzeko bide horretan, “daukaten garrantziagatik eta lurralde osoan duten eraginagatik”. Haiekin batera izan dira gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea. Ekitaldia Arrate Illarok, Euskaraldiko koordinatzaileak, gidatu du, eta ingurune handien Euskaraldiaren aldeko apustua txalotu du.

350 udal, momentuz

Bestalde, Arrate Illarok adierazi du momentu honetan 350 udalerrik egin dutela bat Euskaraldiarekin. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñearekin batera, Euskaraldian izango dira Iparraldeko hiriburuak ere: Baiona, Donibane Garazi eta Maule. Orobat, Euskal Herri osoko 10.000 biztanletik gorako udalerri guztietan Euskaraldia antolatzeko lan-taldeak daude.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimen honen helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko. Funtsean, Euskaraldiaren xedea da 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan. Proiektuaren oinarrian azken urteotan hainbat herritan izandako aktibazio esperientzia arrakastatsuak daude.