Maila goreneko Paddle Surfa Uribitarte kaian

uriola.eus 2018ko eka. 13a, 15:00

Iberdrola Bilbao World Sup Challenge 2018ren VI. edizioak Paddle Surfeko puntako kirolariak bilduko ditu itsasadarreko uretan ekainaren 16an eta 17an.

Aurten ere lasterketa hau The EuroTour 2018 zirkuituaren barruan sartzen da; kirol horretako probarik garrantzitsuenetakoa dugu. Finalista profesionalen artean banatuko den saria 10.000 eurora iritsiko da. Hiru probak osatuko dute ekitaldia: zapatu goizean umeen txanda izango da Txikiracerekin. Sari berezia egongo da azkarrenentzat, baina denei onartuko zaie euren merezimendua.

Zapatu arratsaldean, berriz, probarik garrantzitsuena jokatuko da: Longrace lasterketa. Distantzia luzeko lasterketa da; alde batetik, profesionalek norgehiagoka jardungo dute gailentzeko eta, bestetik, amateurrak eta juniorrak ere nor baino nor azkarrago arituko dira ibilbidearen amaierara heltzeko, bakoitzak bere markak gaindituz.Domekan, Sprintrace, edo abiadura-probak. Helburua ondo pasatzea eta ohol gainean irautea ahalik eta abiadurarik handienean.

Horrez gain, Paddle Surfa probatu nahi duten guztiek Sup Clinics erakusketetan dute aukera. Bertan, kirol modalitate honetako profesionalek arraunean egin eta urteara jausi barik orekari eusteko trikimailuak erakutsiko dituzte. Sup Clinics hauek doakoak dira.

Uribitarte kaian jarduerak egingo dira adin guztietako publikoarentzat: umeentzako tailerrak, kirol erakustaldiak, oholen salmenta, monopatinen lasterketak, gastronomia eta musikarako gunea, besteak beste. IBWSC txapelketa, aurten ere, Bilbora itzuli da Bilbon SUPa sustatzen duen BWATERS klubaren eskutik.Bilboko Udalak babesten du kalean egiten den lasterketa hau, gainera baliagarria dena uriko lekurik enblematikoena dinamizatzeko: itsasadarra.