Bilbolamp saltokiak irabazi du Arteshop 2018

uriola.eus 2018ko eka. 15a, 08:45

Urko Briales artistak egindako “Luz-Ideas” artelana Bilbolamp saltokian (Colon de Larreategui, 10) dago ikusgai, eta Arteshop Bilbaoko 8. edizioaren lehenengo saria eskuratu du aurtengo edizioan aurkeztu diren 75 artista eta saltokien artean.

Beste alde batetik, bigarren saria Rael Decoración establezimenduak lortu du. Colon de Larreategui kaleko 50. zenbakian dago, eta Ekain Izquierdoren lana izan du erakusleihoan. Alde Zaharrean betidanik egon den Paragüería Leoz saltokiak hirugarren saria irabazi du Emilio Corderoren “Parece que llueve” lanarekin.

Sariak Arteshop Bilbao 2018ko sariak banatzeko ekitaldian eman dira, Erriberako Merkatuan, 20:30ean. Honako hauek bertaratu dira, besteak beste: Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano, Yolanda Díez Osasun eta Kontsumoko zinegotzia, Arantza Lauzirika EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa, Bilbao Arteko zuzendaria den Juan Zapater eta Merkataritza Kamarako Komunikazio Zuzendaria den Joserra Álvarez.

Sari nagusiez gain, Publikoaren saria banatu da. Herritarrek telefonoz hautatu dute Raquel Gutierrez artistaren Bihotza lana, Zubiri Zuaznabar Botika izeneko saltokian dagoena.

 

Sariak

Epaimahaiak eman dituen hiru sarietan dirua banatuko da. Epaimahaiaren lehenengo saria 1.200 eurokoa da, bigarrena 900 eurokoa eta hirugarrena 600 eurokoa.

Herritarrak Arteshop Bilbao ekimenean parte hartuko duten saltokietara hurbiltzea lortu nahi da, establezimenduetan dauden sorkuntzak ikusi eta ekimenean aktiboki parte har dezaten. Hori dela eta, Publikoaren Saria jarri da. 450 euroko saria izango da, eta parte hartu duten saltokiak bisitatu dituzten pertsonen bozketen arabera eman da. Horrez gain, beste hiru sarirekin osatu da. Bozkatzeko, saltoki parte-hartzailean ikusgai egongo den doako telefono-zenbaki batera deitu behar izan dute herritarrek.

Bestalde, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, Bilboko Udalak 400 euroko diru-laguntza eman die ekimenean parte hartu duten Arte Ederren Fakultateko ikasleei; Bilbao Arte Fundazioko artistei dagokienez, diru-laguntza 600 eurokoa izan da, proiektua ekoizteko eta garatzeko gastuen kontzeptu gisa.

Horrela, parte hartu duten 75 saltokietan bezeroei esperientzia berriak eskaintzeaz eta erakusleihoen ikusgarritasuna handitzeaz gain, Euskal Herriko Unibertsitate publikoan prestatzen ari diren artista gazteen lana aintzatetsi da.

Arteshop Bilbaoren 8. edizio honetan, berritasun gisa, Bilbao Arte Fundazioko 10 artistek Erriberako Merkatuan eta Turismo Bulegoan ikusgai jarri dituzten lanen artean onena hautatu da, eta 1500 eurokoko saria emango zaio. Saltokietan lanak erakutsiko dituzten 75 ikasleen tutoreak dira artistak.

Obrak bisitatzea sarituko da

75 saltoki eta artelanak identifikatzeko mapak editatuko dira ARTESHOP BILBAO saltokiak ezagutu! izenburuarekin. Esku-mapa horiek erabilerrazak eta eramateko erosoak izango dira; saltokietan, Bilbao Bizkaia Turismo Bulegoan (Plaza Biribila, 1) nahiz Erriberako Merkatuan egongo dira eskuragarri.

Saltoki parte-hartzaileak ezagutzeko gida izateaz gain, mapa horiek gonbidapena luzatuko diete bezeroei saltokietara joan daitezen, haien produktuak zein erakusgai dauden artelanak ezagutzeko xedearekin ekainaren 17ra arte, igandea.

Gutxienez ARTESHOP BILBAO establezimendu desberdinen bost zigilu lortzen dituztenek 50 euroko hogei opari-txartelen zozketan parte hartzeko aukera izango dute, atxikitako saltokietan gastatzeko. Horretarako, Arteshop Bilbaori atxikitako 75 saltokietako batean, edozeinetan, zigiluak dituen mapa utzi behar da, parte hartu nahi duen pertsonaren datu pertsonalekin. Zozketa datorren astean egingo da eta Arteshop Bilbaoko sare sozialetan argitaratuko da.

Ondo errotutako ekimena

ARTESHOP BILBAO, zortzi edizioetan, oso ondo finkatu da hiriko merkataritza-sektorean eta sektore artistikoan, eta erosteko esperientzia aberasten zein suspertzen ari diren artisten lanak ikusarazte laguntzen duen ekintza dinamizatzaile bat da. 

Lehiaketa 2011. urtean abiarazi zen. Lehenengo edizioan, guztira, 20 establezimenduk hartu zuten parte, esperientzia pilotu gisa. Urteek aurrera egin ahala kopuru hori handituz joan da, eta gaur egun 75 establezimenduk hartzen dute parte. 

Garapen bidean dauden artisten eta EHUko Arte Ederren Fakultatearen, Bilbao Arte Fundazioko artisten, Bilboko merkataritza-sektoreko profesionalen eta Bilboko Udalaren, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, inplikazioari esker, ekitaldia egonkortzen joan da, eta hiriko merkataritza-egutegiko garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da.