'Mugikortasun Jasangarriaren Aldeko Ituna' sinatu dute Udaleko alderdi guztiek

uriola.eus 2018ko eka. 18a, 17:03

Itun honek alderdi politiko, entitate eta herritarren guztien borondatea islatzen du eta Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren Planearen (BMJP) helburua jasotzen du, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak aurkeztu duena, Alfonso Gilek zuzendutakoa.

Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan izan da gaur Mugikortasun Jasangarriaren Aldeko Itunaren sinadura-ekitaldia. Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren Planak ituna eta haren jarraipenaz eta garapenaz arduratzeko foroa sortu beharra jasotzen du; izan ere, plan berrian mugikortasuna ez da harremanen sistemako tresna bakarrik, beste lorpen garrantzitsuago batzuetarako bitartekoa ere bada.

Hiri-garapenaren erdian herritarrak eta haien ongizatea jartzen dituen ituna sinatu dutenek itunak jasotzen dituen 16 printzipioak euren egin dituzte eta haren ondoriozko erabakiak ere euren egiteko konpromisoa hartu dute.

Printzipioak:

  1. Mugikortasun-arloko politikak herritarren osasuna eta bizimoduaren kalitatea hobetzera orientatzea genero-ikusmoldetik.
  2. Hartzen diren mugikortasun-neurriak bide-segurtasunarekin bateragarriak direla bermatzea. Gainera, trafikoa lasaitzea xede nagusien artean dago.
  3. Elektrifikaziorantz egitea edo “zero emisioko” alternatibak hartzea ibilgailu publiko eta pribatuetan, partikula kutsakorrak eta CO2 isurtzea gutxitzeko.
  4. Hiri barruko mugikortasunaren eragin akustikoa murriztea eta herritarrek atsedena hartzeko eskubidea bermatzea.
  5. Hiri barruko garraiobideetan genero-mugikortasun berezia sortzeko erronkari ekitea eta arlo honetan dagoen aldea apurtzea.
  6. Adina, baldintza fisiko zein psikikoak eta abar edozein izanik ere, pertsona guztien mugikortasun inklusiborako eskubidea bermatzen duten mugikortasun-neurriak lantzea eta, horrekin, hiriaren leku guztietarako irisgarritasuna erraztea.
  7. Hiriaren gizarte-kohesio eta integrazioaren ikuspuntutik ekitea mugikortasun-politikei, auzoen arteko konexioa hobetuz, auzo guztien garapen egokia ahalbidetuz eta leku ezberdinetako pertsonen arteko elkarrekintza erraztuz.
  8. Adostasuna eta ikusmolde globala funtsezko irizpide bihurtzea, hain zuzen, Bilbo barruko mugikortasuna diseinatzeko, arlokako ikusmoldeen gainetik ikusmolde globaletik ekinez.
  9. Hiria eta haren auzoak eta kaleak ekonomikoki dinamizatzen lagundu dezan mugikortasun-eredu bat sortzea. Zerbitzu, turismo, merkataritzaren eta abarren garapena indarberritzea.
  10. Mugitzeko modu jasangarriak eta eraginkorrak lehenestea (oinez, bizikletaz, garraio publikoz,…) eta ingurumenean eraginik handiena (eguratsa, akustika, klima,..) dutenekiko arrazionalizazio-neurriak ezartzea.
  11. Oraingo eta etorkizuneko beharrak (epe labur, ertain eta luzera) kontuan hartzen dituen mugikortasun-eredua sortzea eta mugikortasun-neurrien diseinuan kontuan hartzea; bai hiriaren erabilerei, bai mugikortasun-joeren eta, beste batzuen artean, baldintza ekonomiko eta demografikoen bilakaerari dagokienez.
  12. Hiriaren espazio publikoa oinezkoen erabilerarako eta gozamenerako berreskuratzea erraztea.
  13. Hiri barruko trafikoaren kudeaketa eta horri buruzko informazioa hobetzeko teknologia berrien aurrerapenak aprobetxatzen dituen mugikortasun-eredua sortzea.
  14. Motorrik gabe mugitzeko modu berrien aurrean irekia eta malgua den mugikortasuna sortzea, modu berri horietarako espazioak eta azpiegitura egokiak jarriz.
  15. Aurreko printzipioak lortzeko herritarrek, elkarteek, enpresek, administrazioek eta alderdi politikoek ere ardura parteka dezatela lortzea, Bilbo barruko mugikortasun jasangarriaren aldeko foro bat eratuz. Mugikortasun jasangarria denon artean lortu beharrekoa da eta denon onerako da.
  16. Bilboko Udala itunaren liderra eta lortu nahi dugun hiri-ereduaz adostasuna lortzeko arduraduna izango da.

Mugikortasunaren aldeko foroa

Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren Aldeko Foroa sortzeko oinarriak jarri ditu akordioak. Itunaren jarraipenaren ardura izango duen foroaren burua Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia izango da.

Horrela, herritarrek, elkarteek, enpresek, administrazioek eta alderdi politikoek ere ardura parteka dezatela eta gehiago inplikatu daitezela lortu nahi da, mugikortasun jasangarria denon artean lortzeko eta gizarte eta ekonomiaren garapenerako ingurune erakargarri eta osasungarria lortzeko. Labur esanda, bertan maila guztietan mugikortasun-eredu erakargarri berri bat edukitzeko Bilbo eraldatzea da xedea.