Traineruen Liga igandean hasiko da Bilbon

uriola.eus 2018ko eka. 21a, 09:02

Ligan parte hartzen duten 12 traineruek denboraldiko erloju kontrako froga bakar honetan lehiatuko dira. Irteera, azken urteetan egin den modura, Udaletxeko Zubiaren ondoan kokatuta egongo da eta Bilboko IX. Bandera egongo da jokoan. 

2018ko Eusko Label Ligaren hasiera igande honetan, 12:00etan, Bilboko uretan izango da eta hau hamaseigarren edizioa izango da. Beste urte batez, momentuko 12 trainerurik onenak 19 jardunaldietan zehar lehia bizian arituko dira CaixaBank Koroa eskuratzeko.

Ekainaren 24an eguerdiko 12.00etan, itsasoko epaileak Donostiarrari irteera markatuko dio eta horrela adrenalinaz beteriko denboraldiari hasiera emango zaio. Hasiera honen testigu berriz ere Bilboko itsasadarra izango da, beste ondorengo hiri hauei lekukoa hartuz; Bartzelona (2013an eta 2014an), Málaga (2015ean) edota Sevilla (2016an).

Irteera ordena iazko denboraldiko sailkapenaren arabera izango da eta traineruak minutuz-minutu irtengo dira. Beraz, lehenengo txandan Donostiarra, Santurtzi Iberdrola, Cabo eta San Pedro egongo dira. Bigarrengo txandan berriz, Ondarroa Cikautxo, Tirán Pereira, San Juan Sumelec eta Zierbena Bahías de Bizkaia arituko dira. Amaitzeko, ohorezko txandan Kaiku Producha, Orio Babyauto, GO fit Hondarribia eta iazko denboraldiko garailea, Urdaibai Avia egongo dira.

Kirolaz gain, arratsalde guztian zehar Bilboko Uribitarte Pasealekuan kokatuta egongo den Fan Zone-taz gozatzeko aukera egongo da. Hau Eusko Label Ligako karabanarekin batera egongo da denboraldi osoan zehar eta hainbat tokitara iritsiko da, A Coruña, Donostia, Castro Urdiales, Getxo edota Zarautzera esate baterako.