KIUB-ek merkealdian arduraz kontsumitzea gomendatzen du

uriola.eus 2018ko eka. 27a, 08:51

Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) eskaintzen dituen zerbitzu guztiak aplikatzen den kalitate-arauaren arabera egiaztatutako Zerbitzuen Agirian daude jasota.

Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) arduraz kontsumitzeko gomendioa eman du laster hasiko den merkealdiari begira. Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailaren barruko zerbitzuak aholku batzuk eman ditu erosleek arduraz eta gaiaren jakitun izanik jokatzeko, modu ofizialean uztailaren 1ean abiatu arren, urtero aurreratzen den merkealdian.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak azpimarratu du “beharrezkoa dela kontsumoa erantzukizunez, jasangarritasunez eta elkartasunez jorratzea, denok kontsumitzaile trebatuak izan gaitezen”. Ildo horretan, gogora ekarri du KIUBek eskaintzen dituen zerbitzu guztiak aplikatzen den kalitate-arauaren arabera egiaztatutako Zerbitzuen Agirian daudela jasota.

Hona hemen KIUBen aholkuak eta gomendioak:

  • Erosi aurretik pentsatu erosketa ea beharrezkoa den ala ez; eta gogoratu badela kontsumoan oinarrituta ez dagoen aisialdia ere.
  • Merkealdietan dauden produktuak lehenago salgai zeudenak bakarrik dira, baina merkealdietan lehenago baino merkeago.
  • Merkatutako prezioak modu bitan azal daitezke: lehengo prezioa eta beheratutakoa adierazita; edo beherapena portzentajezkoa denean eta produktuen multzo generikoari aplikatzekoa denean nahikoa da aplikatutako portzentajea adieraztea, betiere merketu gabeko prezioa agertuta.
  • Beherapena produktuen prezioari bakarrik aplikatzen zaie, ez kalitateari edota garantiari.
  • Txartelarekin ordaindu ahal izateko aukera ematen duela adierazteko ikurra badu dendak, merkealdian ere eskaini beharko du aukera hori, bestelakorik adierazita ez badago ondo ikusteko moduan.
  • Saltzaileek ez dute inolako artikulurik itzultzeko obligaziorik, akatsen bat dutenean izan ezik, baina urte osoan itzulketak onartzen dituzten dendek merkealdietan ere onartu beharko dituzte, bestelakorik adierazita ez badute ondo ikusteko moduan. Itzulketak onartuz gero, komeni da galdetzea ea dirurik itzultzen duten, beste produktu batzuekin trukatzen den edo baleak ematen dituzten, gero arazorik gerta ez dadin.
  • Erostea merkataritza arloko trukea egitea da, elkarrizketan eta gardentasunean oinarritua. Hortaz, beharrezkoa da erosketaren tiketa eskatzea, arazorik izan ez dadin, edota publizitatea bera ere gordetzea.
  • Kontsumoko arbitraje-sistemaren barruan dauden dendetan erostea da kontsumo arloko gatazkak konpontzeko modurik errazena.