Bilboko Udalaren Osoko Bilkurak 2019rako Ordenantza Fiskalak onartu ditu gaur. Oro har, % 1,1 aplikatuko die datorren urteko udal tasa eta zergei, eta horrenbestez, 1,5 milioi euro gehiago bilduko ditu. Diru-kopuru hori, gehienbat, uriko auzoak hobetzeko erabiliko da.
Gaur onartutako % 1,1eko eguneratze horren salbuespen moduan izoztu egin dira Etxeko Laguntza Zerbitzua eta Bilbobuseko dokumentu eta txartel sozialen tasa, hau da, txartel hobariduna (Bilbotrans), Gizatrans eta Hirukotrans (familia ugarientzat).
Zerga-ekitatea dela-eta, OHZn % 25eko errekargua aplikatzeko aukera gehitu zen iaz bizilagunik gabe eta “hutsik” zeuden etxebizitzetarako, alokairua sustatzeko eta etxebizitza horiek merkatura ateratzeko asmoz; bada, aurtengo berritasuna da proposamen horretan aldaketa bat egin dela. Horrela, 2019rako errekargu horretatik ez dira egongo salbuetsita hirugarren sektoreko jarduerak (ile-apaindegiak, profesionalen bulegoak, medikuen kontsultak…) egiten diren “bizilagunik gabe hutsik dauden etxebizitzak”; izan ere, etxebizitzen OHZ-mota (oro har, % 0,1921) eta, ondorioz, horiek ordaintzen duten kuota merkataritzako (oro har, % 0,4125) eta bulegotarako (% 0,3300) erabilerei dagokiena baino txikiagoa da.
Bilboko Udalak uriaren suspertze ekonomikoan laguntzeko helburua duten hobari fiskalei eutsiko die, enpresa txiki eta ertainen esparruari arreta berezia eginez. Eraikuntza Lanen, Instalazioen eta Obren Zergan, lehentasunezko zerga-tasa hauek aplikatuko dira:
- % 2koa, Babes Publikoko Etxebizitzak eta ekimen publikoko Etxebizitza Dotazionalak egiteko eraisketak, lurrak mugitzea eta oin berriko eraikuntzen beste lan osagarri batzuk direnean.
- % 2,5ekoa bizitegirako inguruetan dauden urbanizazio pribatuetan oztopo arkitektonikoak kentzeko ekimen pribatuko obretan; horrela, eraikinen barruetan oztopoak kentzeko lehendik zegoen lehentasunezko trataera hau zabaldu egingo da.
Kasu horietan, hirigintzako lizentzien tasan ere tarifa murriztua (-% 60) aplikatuko da.
Era berean, indarrean mantenduko ditu familia ugariei zuzendutako onura fiskalak, hain zuzen ere, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan, baita adinekoei, gazteei, DBEren jasotzaileei, desgaitasuna duten pertsonei zuzendutakoak zein igogailuak instalatzea, oztopo arkitektonikoak kentzea eta abar xede dutenak ere, besteak beste.
Gaurko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onartu den Ordenantza Fiskalen proiektuari 124 zuzenketa aurkeztu dizkiote talde politikoek: Bilduk 17, Goazen Bilbaok 27, Udalberrik 23 eta PPk 57.