Red Bull Cliff Diving World Series Bilbora heldu da berriro

uriola.eus 2018ko eka. 29a, 09:52

Bihar, ekainaren 30ean, Red Bull Cliff Diving World Series jauzi lehiaketa ikusgarria antolatuko da Bilboko itsasadarrean. 17:00etatik aurrera, munduko hamalau jauzilaririk onenak Salbeko zubian kokatuko den plataformara igoko dira.

Red Bull Cliff Diving World Series Bilbora heldu da berriro. Atzo lehenengo entrenamenduak hasi ziren, eta beste behin Bilboko itsasadarra jendez bete zen jauzilariak zuzenean ikusteko. Jauzilariek Salbeko zubitik egingo dute salto larunbat honetan 17:00etatik aurrera. 27 m-ko altueran dagoen plataformatik jauzi egingo dute, eta orduko 85 kilometroko abiadura hartuko dute.

Ikuskizuna uretatik ikusteko aukera egongo da, baina 100 itsasontzik baino ezin izango dute ikusi. Horrez gain, itsasadarraren bi ertzetatik inolako mugarik gabe ikusi ahal izango da, Guggenheim museoaren zabalgunetik izan ezik. Bertan, 2.500 pertsona baino ezin izango dira egon.

Bilbo lehiaketaren edizio honetako bigarren geralekua da, Texasen (Ameriketako Estatu Batuak) egindakoaren ondoren eta hiriko geraleku bakarra, Kopenhagerekin batera. Proba Red Bulleko 180 prentsa kabinetek zabalduko dute mundu osoan, 160 herrialdetan ikusteko aukera egongo da eta tokiko, estatuko eta nazioarteko 60 komunikabidek baino gehiagok jarraituko dute.

Ordutegiak

Lehenengo entrenamenduak ostegunean, ekainaren 28an, 16:45etik 19:00etara egingo dira Salbeko zubian. Ostiralean, 29an, diverrak berriz ere zubiko plataformatik, 27 metroko altueratik, itsasadarrean murgilduko dira. Berriz entrenatzeaz gain, baztertzeko lehenengo txanda egingo da (17:00etatik 19:00etara).

Larunbatean, ekainaren 30ean, munduko serieen bigarren geldialdia antolatuko da 17:00etatik aurrera. 19:25ean sariak banatuko dira, eta 2018. edizioko txapelduna izendatuko da. Ekitaldian, uretan edo lehorrean, egon ezin dutenek zuzenean ikus dezakete www.redbull.tv bitartez ekainaren 30ean, 18:45etik aurrera.