Ordutegiaren aldaketari dagokionez, domekan hasi eta irailaren 2ra (igandea) bitartean, egun hau ere barne, udako ordutegia izango da Bilbobusen lineetan. Autobusen Udal zerbitzuak, hartara, erabiltzaileen ohituretara egokitu egingo ditu bere maiztasunak eta ordutegiak.
Horrela, Bilbobusen linea batzuetan aldaketa txikiak egingo dira, udan bidaiari gutxiago dituztelako. Adibidez, bost eta hamar minutu bitarteko maiztasun-aldaketak egingo dira eta, kasu batzuetan, aldaketak lehenengo eta azken zerbitzuan egingo dira. Gautxori zerbitzuaren lineek ohiko ordutegiarekin jarraituko dute. Udako ordutegi berriaren xehetasun guztiak, Bilbobuseko markesinetan kokatutako kartel eta fitxa informatiboetan kontsulta daitezke, baita BioBidek bezeroei arreta emateko duen bulegoan ere (Poza Lizentziatua, 6).
Udako ordutegiarekin batera, uztailaren 1eko (domeka) 22:30ean jarriko da abian bitarteko geralekuen zerbitzua. Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak hartutako neurriak bidaiatzen duten emakumeen segurtasuna areagotzen du. Bitarteko geralekuen neurria geralekuei buruzko araudi orokorraren salbuespen moduan dago jasota ordenantza berrian eta linea guztietan hartuko da, egunero, 22:30etik 06:30era bitartean.
Sistema honetan datza: bitarteko geralekuan jaitsi nahi duen bidaiariak garaiz jakinaraziko dio gidariari zein lekutan jaitsi nahi duen. Gidariak aukeratuko du puntua adierazi zaion premian oinarrituta eta kontuan hartuta aukeratutako puntua ez dela arrisku izango zirkulaziorako. Bitarteko geralekuetan beti jaitsi behar da autobusaren aurreko atetik.
Egunero, gidariek egindako bitarteko geralekuei buruzko informazioa eman eta txostenak egingo dituzte, Udaleko teknikariek zerbitzu berria aztertu eta beronen jarraipena egin dezaten.