Bilboko Ingeniaritza Eskolan lanean ari zela eskaileretatik behera erori eta buruan kolpe hartu zuen EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileak. Hilabete eta erdi Gurutzetako Ospitalean koman izan ondoren ostiralean zendu zen.
Gaur ordu beteko lanuztea (12:00-13:00) egingo dute EHUko esparru guztietan, LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. 12:15etatik 12:45etara kontzentrazioak egingo dituzte Leioan (Mikel Laboa plazan), Bilbon (Torres Quevedo plazan), Gasteizen (EHUko errektoreordetza aurrean) eta Donostian (Carlos Santamaria liburutegiaren aurrean). Bilboko Udalak ere elkarretaratze isila egingo du Udaletxe aurrean 11:30etan.
EHUn ordezkaritza duten sindikatuek onartezintzat jo dute "bizitza galtzeraindoko istripuak gertatzen jarraitzea". LABek salatu du eskailerak ez duela araudia betetzen eta istripu gehiago izan direla bertan. 2015ean beste lan istripu bat gertatu zen eta ez zuten aldatu, EHUko prebentzio zerbitzuak eskailerak araudia betetzen ez zuela esanagatik ere.
ELAk erantzukizunak eskatu dizkio EHUri "lan segurtasun eta osasun alorrean azaldu duen arduragabekeria dela eta", eta ezinbestekotzat jo du "prebentzio alorrean aldaketa ematea".
EHUk adierazi du gertatutakoa argitzeko ikerketa bat zabalik dagoela eta "ahalik eta azkarren eta zorroztasun handienarekin" egingo dutela.