Gurutze Gorriak Bilboko migratzaileentzako zentroa lekualdatu du

uriola.eus 2018ko uzt. 11a, 19:11

Migratzaileak Gurutze Gorriko aterpearen aurrean. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia (@errefuxiatuakB)

Bilbora iritsitako etorkin oldeari aurre egiteko ekainaren 29an irekitako aterpea itxi eta gune berria ireki du Gurutze Gorriak Bilboko beste auzo batean. Migratzaileek gehienez hiru egun igaro ditzakete bertan.

Bart gauean lekualdatu zituzten azken asteotan Bilbora heldutako migratzaileak. Ekainaren 29an irekitako aterpera gerturatu zirenean, Gurutze Gorriak taxietan sartu eta zentro berrira eraman zituen.

Gune honek 88 plaza ditu eta Ongi Etorri Errefuxiatuak argitu duenaren arabera, ez da aterpe bat, eskola  baizik. Bertan hamaketan lo egin behar dutela gaineratu du plataformak sare sozialetan.

Gune berriak ekainaren 29an irekitako aterpeak baino 40 plaza gehiago baditu ere, arazoak "larria" izaten jarraitzen duela salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak. "Atzo 30 pertsona geratu ziren kanpoan" azaldu dio URIOLAri plataformako kide batek.

"Instituzioak migratzaileak igarotze bidean daudela zabaltzen ari dira, baina ekainaren 29an iritsitako askok oraindik hemen jarraitzen dute. Bakoitzak dituen baliabideen arabera prozesua desberdina da, eta batzuek hemen geratzeko asmoa dute edo denbora gehiago behar dute bidearekin jarraitzeko", diosku.

Horregatik, Gurutze Gorriak bermatzen dituen hiru egunetaz gain, Bilboko Udalak gutxienez beste hiru eguneko arreta bermatu beharko lukeela uste dute OEEko kideek.

Atzo ehun pertsona inguru heldu ziren Bilbora Andaluziatik irtendako bi autobusetan. Dagoeneko 600 lagun inguru dira uda honetan EAEra iritsitakoak. Ia denak Saharaz hegoaldeko Afrikatik datoz eta Libiako mugak zorroztuta Europara Andaluziatik sartzen ahalegintzen dira.

 

[2018-07-09] OEEk Bilbora iritsitako etorkinak artatzeko zerbitzua bertan behera utzi du