Ikastolen bozeramaileak adierazi duenez: "urteotan guztiotan Seaskaren hazkundea eragozteko era bateko edo besteko ekimenak egin dituzten arren (udal mailan ez direnean suprefet eta prefeten ekimenez), aspaldi Gobernu batek ikastolen aurka hain eraso zuzenik ez zuen egin. Macron presidentearen Hezkuntza Ministerioa dugu gaurko erasoen iturburua."
Azaldu dutenez, datorren ikasturterako behar dituzten 25 irakasle lanpostu gehigarriak ukatzearekin batera, hamalau urteko ikasleek Brebetaren Zientzietako proba euskaraz egin izana zigortu du Hezkuntza Ministerioak. Frantziako Gobernuaren bi ekimen horiek hartu duten bidea adierazten dute. Beraz, honako hau jokabide "kolonialistatzat" jo dute, frantsesa, euskaraz bizi nahi dutenen aurka erabiliz.
Ikastolek, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, ikasle euskaldun eleanitzak nahi dituztela azaldu dute, kalitatezko hezkuntzarekin jarraitzeko. Baina, tituluak arriskuan jartzen ari direla salatu dute. Bozeramileak Seaskako ikastolek denon babesa behar dutela argitu du: "Seaskak, urteetako lanari esker, eta pedagogia alorrean eginiko urrats handiei esker, berebiziko hazkundea bizi du azken ikasturteotan. Jaiotza tasek behera egin duten arren, Seaskako ikastolen matrikulazioek gora egin dute. Azken urteotan ikastola gehiago ireki ditugu. Ikasturte honetan Baionan ireki dugun Lizeoa oso epe laburrean txiki geratuko zaigu, atzetik ikasle gehiago datozkigulako.
Pozteko datuak dira, gaur egun, Iparraldean, ikastolak baikara ikasleak euskaldundu ahal ditugun ikastetxe bakarrak, murgiltze ereduari esker. Euskaraz bizi nahi dugun guztiontzat berri pozgarria da gero eta haur gehiago egotea ikastoletan, eta gero eta familia gehiago izatea ikastolen aldeko apustua egiten dutenak, eta horietarik asko ez dira euskaldunak. Baina guretzat pozgarria dena, Frantziako Gobernuarentzat kezkagarria ei da."