Barik txartela mugikorraren bitartez kargatzeko aplikazioaren patentea erabili nahi dute

uriola.eus 2018ko uzt. 17a, 08:55

Bartzelonako metropoliko Autoritat del Transport Metropolitá (ATM) entitateak Barik txartela mugikorraren bitartez kargatzeko aplikazioaren patentea erabili ahal izateko eskaera egin dio Bizkaiko Garraio Partzuergoari.

Bizkaiko erakundearen eta Kataluniako entitate publikoaren arteko lankidetzari esker, “T-mobilitat” proiektua abian jartzeko laguntza izango dute. Hain zuzen ere, Kataluniako lurralde osoan garraioa kudeatzeko sistema teknologiko eta tarifario berri bat ezartzean datza. BGPk egindako garapenak erabili ahal izango dituzte, kostu gutxiagoan eta ezartzeko epe laburragoan.

ATMk eta BGPk elkarrekin lan egin ohi dute eta informazioa partekatzen dute inolako irabazi asmorik gabe; horrela, beste lurralde batzuetako ezagutzetatik eta aurrerapen teknologikoetatik etekina lortu ahal dute. Ildo horretatik ere abiatuko da bi entitate publikoen arteko lankidetza-hitzarmena.

2017ko uztailan, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) Patente titulua eman izana argitaratu du, sistema orokorraren segurtasuna gordez Barik txartela telefono mugikorraren bidez kargatzeko prozedura aitzindariagatik. Bi urte iraun duen prozesu metodiko baten ostean, azkenean, estatu eremuan hogei urteko iraupena duen patentea lortu du.

Erdietsitako arrakasta horri esker egiaztatu da Bizkaiko Garraio Partzuergoa I+G+b eremuan aitzindaria, berritzailea eta abangoardista dela; hori guztia, garraio publikoaren bidez Bizkaia gero eta hobeto lotu eta kohesionatzeko helburuarekin. Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak aitortu du telefono mugikorraren bidez Barik txartela kargatzeko prozedura erabateko asmakuntza bat dela babesari dagokionez. 

“Barik NFC” aplikazioan 400.000 kargatzeak gainditu dira 2017. urtean 171.442 egin ziren, eta ekainean 23.799 Hasieratik, guztira, 108.230 alta erregistratu dira aplikazioan. Gaur egun, 1.650.000 Barik txartel baino gehiago daude aktibatuta.