Athletic Clubeko Emakumezkoen taldeak bere aurkezpen ofiziala egin du

uriola.eus 2018ko uzt. 24a, 11:15

Gaur goizeko 11:30etan, Lezaman, argazki ofiziala egin dute. Ondoren, Joseba Agirre entrenatzaileak pentsaurrekoa eskeini du eta taldeak lehen lan saioa osotu du. Bestalde, emakumezkoen eta gizonezkoen egutegia plazaratu dute gaur goizean.

Athletic Clubeko Emakumezkoen taldea martxan jarri da gaur goizean. Aurten ere Joseba Agirre izango da taldeko entrenatzailea, eta bere lantaldeari Iraia Iturregi gehitu da. Hainbeste urtez Athleticen elastikoa eraman duen jokalariak zelaietatik aulkietara egingo du salto eta Lezaman jarraituko du, baina, kasu honetan, taldeko prestatzaile fisikoa izango da.

Taldearen helburua pasa den urteko 3. postua errepikatzea edo hobetzea izango da. Baina, hori ez da lan samurra izango. Bartzelonak eta Atletico Madridek apustu gogorra egin dute azken urteotan beraien emakumezkoen taldeetan eta beraien mailan egotea izugarrizko lana egitea dakar, baina 2016ko ligan gertatutakoa izango dute buruan. Helburu hori lortzeko Bartzelona taldean zegoen Marta Unzué jokalaria fitxatu du gaur Athleticek

Gizonezkoek, berriz, Holandan jarraitzen dute, denboraldia prestatzen eta han jarraituko dute datorren astera arte. Gaur Ligako egutegia zein izango den jakin dute gizonezkoen eta emakumezkoek. Athleticek Ligako lehen partidua San Mamesen jokatuko du Leganesen aurka abuztuaren 17-21 tartean. Azkenengo partidua, berriz, Sanchez Pizjuan zelaian izango da, Sevillaren aurka. Athleticen Emakumezkoen taldeak lehen partidua Lezaman jokatuko du Bartzelonaren aurka. Azkenengo partidua, berriz, Madrilen izango da, Madril taldearen aurka. Egun eta ordu guztiak zehazteke daude.