Lazo horiak jartzen ari zirela irainak jaso dituzte Bilbon

uriola.eus 2018ko abu. 31a, 10:12

Argazkia: Alternatiba Bizkaia

Liskarra sortu da herritar talde bat Guggenheim inguruan Kataluniako preso politikoen aldeko ikurrak jartzen ari zela.

 

Atzo arratsaldean, abuztuak 30, herritar talde batek Kataluniako preso politikoen aldeko ikur horiak jarri zituen Bilbon. Guggenheim inguruan zeudela, bertan zegoen talde batek iraindu eta lazoak kendu zituen.

Egun bat lehenago, polemika sortu zuen Ciudadanoseko Albert Rivera eta Ines Arrimadak Bartzelonako herri bateko lazo horiak kendu izanak. Kataluniako preso politikoei elkartasuna adierazteko Bilbon ikur horiak jartzeko deia luzatu zuen herritar talde batek.

Puppy babesten duten barandan lazoak jartzen ari zirela bertan zegoen talde batek irain egin eta berehala kendu zituen ikurrak. "Hemen propaganda politikorik ez, demokrazia sendo batean gaude", zioten lazoen aurkakoek. Grabatzen ari zen EITBko kamera bat ere iraindu zuten.

Irudiak Alternatiba Bizkaiak eta EITBk zabaldu ditu.